Zumarragako ArcelorMittal lantegiak zabalik jarraituko du, akordioa lortu eta gero
Aurrera edo atzera egiteko bilera zuten gaur Zumarragako ArcelorMittal lantegiko zuzendaritzak eta langileen ordezkariek. Ordezkaritza zabalena duten CCOO, ELA eta UGT sindikatuek akordioa lortu dute; hala, lan txandak zabaltzearen truke, Zumarragako lantegiak zabalik jarraitzeko konpromisoa adierazi die zuzendaritzak. Enpresak lan txandetan “malgutasun handiagoa” eskatu zuen astelehenean, eta behin sindikatu nagusiekin adostasunera iritsita, lan karga handiagoa lortzen eta bezeroarekiko arreta hobetzen saiatuko dira.
Goizean egin duten bileran lortu dute akordioa, hiru sindikatuek enpresak aurkeztutako bideragarritasun plana onartu eta gero. LAB sindikatua, bere aldetik, proposamena hobeto aztertzekotan gelditu da, baiezkoa eman aurretaik. Arratsaldean bigarren bilera bat egitekoak dira, xehetasunak lotzeko, besteak beste, lan ordutegia.
Itxieraren erabakia bertan behera utziko lukeen bideragarritasun plana aztertu dute, eta hiru sindikatu (ELA, CCOO eta UGT) onartzeko prest daude. LABek, berriz, aztertu egin behar du.
Zumarragako ArcelorMittal lantegiak (lehen Orbegozo zenak) 370 langile ditu gaur egun. Joan den astean, lantegia aldi baterako ixteko asmoa jakinarazi zien zuzendaritzak langileen ordezkariei. Hauek ordea, enpresa bideragarria dela defendatu eta beste proposamen bat egiteko eskatu zuten.