«Errekonozimendu hau hartu, onartu eta eskertu ere egiten dut»
Etzi Gipuzkoako Artzain Eguna egingo dute Legazpin. Artzainen lanari aitortza egin eta haien jardunaren berri zabaltzea da egunaren helburua. Hainbat izango dira artzainen artean banatuko dituzten sariak. Aitzitik, inoiz artzain lanik egin ez badu ere, Tibur Agirreri (Legazpi, Brinkola, 1950) omenaldia egingo diote. Agirre lehenengo Artzain Egunaren administraria izan zen, etzikoaren kontuak ere bere esku daude eta tartean egon diren artzain egun guztien administraria izan da. Tibur Agirre Brinkolako Igaralde baserrian bizi da. Ogiaren Txokoaren jabe, ogia enkarguz egiten du asteburuetan eta bisitariei ogia nola egiten den erakusten die. Etxeko aldabak bi aldiz jo du, ogia duen galdetzera datoz. Etzi Gipuzkoako Artzain Eguna da Legazpin. Jar gaitezen lehenengo artzain egunean, nolatan erabaki zenuten artzainen eguna antolatzea? Udaletxean baserritarren batzordea egiten dugu. Nik aspaldi parte hartzen dut eta 90ko urteen hasieran Erreixal baserriko Juan Joxe Aranguren artzainak Legazpin artzain egun bateratua egitea proposatu zuen. Garaia hartan artzain egun bat baino gehiago egiten zen, eta Legazpira Gipuzkoako Artzain Eguna izango zena ekartzearen alde egin genuen batzordeko kideok. Aurretik Legazpin bertako gazta lehiaketa egiten zen. Artzain Eguna antolatzen duzuen lantaldearen barruan, zure eremua diru kontuena da. Bai, ni 26 urtetan Patrizio Etxeberrian administrazio lanetan aritu nintzen. Lehen ikasketak Brinkolan bertan egin nituen, Telleriarteko [...]
Etzi Gipuzkoako Artzain Eguna egingo dute Legazpin. Artzainen lanari aitortza egin eta haien jardunaren berri zabaltzea da egunaren helburua. Hainbat izango dira artzainen artean banatuko dituzten sariak. Aitzitik, inoiz artzain lanik egin ez badu ere, Tibur Agirreri (Legazpi, Brinkola, 1950) omenaldia egingo diote. Agirre lehenengo Artzain Egunaren administraria izan zen, etzikoaren kontuak ere bere esku daude eta tartean egon diren artzain egun guztien administraria izan da.
Tibur Agirre Brinkolako Igaralde baserrian bizi da. Ogiaren Txokoaren jabe, ogia enkarguz egiten du asteburuetan eta bisitariei ogia nola egiten den erakusten die. Etxeko aldabak bi aldiz jo du, ogia duen galdetzera datoz.
Etzi Gipuzkoako Artzain Eguna da Legazpin. Jar gaitezen lehenengo artzain egunean, nolatan erabaki zenuten artzainen eguna antolatzea?
Udaletxean baserritarren batzordea egiten dugu. Nik aspaldi parte hartzen dut eta 90ko urteen hasieran Erreixal baserriko Juan Joxe Aranguren artzainak Legazpin artzain egun bateratua egitea proposatu zuen. Garaia hartan artzain egun bat baino gehiago egiten zen, eta Legazpira Gipuzkoako Artzain Eguna izango zena ekartzearen alde egin genuen batzordeko kideok. Aurretik Legazpin bertako gazta lehiaketa egiten zen.
Artzain Eguna antolatzen duzuen lantaldearen barruan, zure eremua diru kontuena da.
Bai, ni 26 urtetan Patrizio Etxeberrian administrazio lanetan aritu nintzen. Lehen ikasketak Brinkolan bertan egin nituen, Telleriarteko eta Brinkolako haurrek elkarrekin ikasi genuen, eta ume asko elkartzen ginen. Eskolan bertan hasi nuen batxilergoa maisu batek lagunduta. Batxilergoa Oñatin (Gipuzkoa) amaitu nuen, eta orduan peritaje mercantil esaten zitzaiona ikasi nuen Oñatin bertan. Ikasketak amaitu, eta berehala hasi nintzen Patrizio Etxeberriaren lantegian lanean, Legazpin.
Nominak egitea eta bestelako administrazio lanak baserri lanekin uztartu zenituen 26 urte haietan guztietan, ezta?
Bai, sei anaia-arreben artean ni zaharrena nintzen. Sasoiaren araberako lanak egiten nituen lantegitik ateratzen nintzenean. Neguan ukuiluko lanetan aritzen nintzen iluntzean, eta udaberri, udazken eta udan kanpoko lanetan laguntzen nuen: lurra landu, ganadua zaindu, esnea atera, ogia egin, basoko lanak, baratza zaindu…
«Artzain Egunak gero eta oihartzun handiagoa
dauka, guretzat pozgarria da ondo ateratzea»«Laguntzak gero eta gutxiago dira, baina
udaletxeak aurrekontua osatzen du»
Baserriagatik utzi zenuen lantegia 26 urteren buruan.
Patrizio Etxeberria ez da jada existitzen. Lantegiaren sakabanaketa hasi zenean lan hura uztea erabaki nuen; industriaren egoera beltza ikusten nuen. Horrez gain, aita gero eta gutxiago zen eta baserrian lana egon bazegoen.
Artzain eguna asko aldatu al da urte hauetan guztietan?
Gauza gutxirekin hasi ginen. Seguru aski gazta lehiaketa baino ez zen egiten, elkarte eta erakunde gehiago sartu diren heinean ekintzak ugaritu egin dira. Orain artisauak daude, artzainei omenaldiak egiten zaizkie, tresneria erakusketak egiten dira… Gero eta oihartzun gehiago dauka Gipuzkoan, eta guretzat pozgarria da ondo ateratzen dela ikustea. Ardi okela ere sartu zen, eta lehiaketa egiteari ekin genion. Lehen gazta lehiaketa bakarra zena ere biderkatu egin da eta orain lehiaketa nagusiaz gain, umeekin ere egiten dugu txapelketa bat.
Aurten ba al dago berritasunik?
Hasi ginenean Artzain Egunak udaletxe aurreko plaza baino ez zuen hartzen. Orain herri osora zabaldu da jada, eta aurten kokapenak aldatuko dizkiegu hainbat ekintzari.
Eta diru kontuak nola daude?
Laguntzak gero eta gutxiago dira, baina azkenean udaletxeak aurrekontua osatzen du eta Artzain Eguna egiteko moduan egon gara aurtengoan ere.
Artzain Eguna Legazpiko baserritarren arteko elkarlanaren emaitza al da?
Bai. Egun auzolana tradiziora lotuta dagoela dirudi. Legazpiko Urtatza auzoko baserritarrak aritzen dira elkarrekin oraindik ere. Hemen, Brinkolan, bakoitza bere kasa dabil. Garaiak aldatu egin dira. Garia auzolanean egiten zeneko garaia ezagutu dut. Gero, baserri makineria zabaldu zenean baserritarra independizatu, eta auzolana urritu egin zen.
Nola jaso zenuen omenaldia egingo dizutenaren albistea?
Batzorde osoak egiten du lan eta ez dakit bada aitortza hau asko merezi dudan. Toki guztietan bezala batzuek beste batzuek baino gehiago egiten dute lan gurean ere. Batzordean kideak ere omentzea erabaki genuen, eta aurten niri egokitu zait. Errekonozimendu hau onartu, hartu eta eskertu ere egiten dut.
Legazpiko baserritarren batzorde hori berritzen al du gazte jendeak?
Ez. Edadekoak hiltzen ari dira eta jende berririk ez dator. Transmisiorik ez dago, gure lekukoa hartuko duenik ez dago.
Zuen baserriko lanak bere gain hartuko duen seniderik ez al duzu?
Ez, ez naiz ezkondu eta ilobak badauzkat, baina inork ez dauka baserriko lanak egiteko ilusio handirik. Gaurko gazteek beste egiteko batzuk dituzte.