Berria.eus- 2009an, 427 baserrik saltzen zuten esnea Idiazabal sor markako gazta egiteko. 2013an, ia erdiek, 241ek. Artzainek bizi duten egoera larriaz ohartarazi du EHNEk. Aldanondo enpresaren hornitzaileen egoera salatu du bereziki sindikatuak. “2011-2012 sasoian eta 2012-2013 sasoian esnea entregatu ziotenetako batzuk kobratu gabe jarraitzen dute. 2013-2014 sasoian hari esnea saltzen jarraitu zutenetako batzuek ere ez dute kobratu”.
Zorraren zenbatekoa eta kaltetu kopurua zehaztea zaila dela adierazi dute, artzain askok ez dutelako euren egoeraren berri eman nahi, baina zorra milioi bat eurora iritsi daitekeela adierazi dute EHNEko ordezkariek. Kobratzeko zailtasunak medio, 200etik 50era murriztu da Aldanondori saltzen diotenen kopurua.
Eusko Jaurlaritzari ere eskatu dizkiote kontuak. EHNEren datuen arabera, 2004 eta 2010 urteen artean 4,2 milioi euro jaso ditu laguntzetan Aldanondok. “Hark diru publikotik kantitate izugarriak jasotzen dituen bitartean, artzainek zorrei egin behar diete aurre, eta egoerak asko baserriko jarduera bertan behara uztera behartu ditu”.