Ordizia Rugby Elkarteak kuota berezia jarri du ikasle, gazte, pentsiodun eta langabetuentzat
Asteburu honetan emango dio hasiera Ampo Ordiziak liga erregularrari Atletico de Madrilen aurkako partidarekin. Etxean, astebete beranduago estreinatuko dute ohorezko mailako denboraldia Gernikaren aurkako derbiarekin. Ordizia Rugby Elkarteak kuota berezia ezarri du ikasle, gazte, pentsiodun eta langabetuentzat eta 20 euroko kuota murriztua izango dute. Abonamenduarekin, ligako hamaika partiduetarako, koparako eta play offetarako sarrerak eskuratuko dira. Ikasle ez izan arren 16 eta 18 urte bitarte gazteek ere abonamendu mota honen onuradun izan ahalko dute. Dena dela, pentsiodunek partidu bakoitzeko bi euroko sarrera ordaindu beharko dute. 16 urtez azpikoek sarrera doan izango dute.
Aukera berak izango dituzte abonamendu arrunta eskuratzen dutenek ere; honako hau 80 eurokoa izango da. Sarrera orokorra, bestalde, 10 eurokoa izango da aurten ere.
Erakunde, enpresa, laguntzaile eta solidarioentzat lekua
Lehendik ere martxan diren hainbat aukera mantenduko ditu aurten ere Ordizia Rugby Elkarteak. Kide solidario izan nahi dutenek 15 euroko kuota orainduko dute eta 10 euroko sarrera ordainduko dute neurketaren batera joandakoan. Kide laguntzaileek, berriz, 40 euro ordainduko dituzte eta sarrerak 5 euroan eskuratu ahal izango dituzte. “Errugbiko baloreekin bat egin nahi duten enpresek eta erakundeek ere ateak zabalik dituzte” klubean. Hauentzat 400 euroa da kuota. Ordainetan, sarrerak eskuratuko dituzte eta klubeko www.ordiziarugby.eus web gunean iragarkia jarriko da.
Erreziboa helbideratuta duten kideek ez dute aparteko izapiderik egin beharrik, abonamendu mota aldatzen ez bada behintzat. Kide berriek, klubarekin jarri behar dute kontaktuan emailez (socios@ordiziarugby.com); telefonoz (663 614 571) edo Domingo Unanue plazako lokalera joanez. Klubaren web orrialdea, gainera, abonamenduen gaineko informazio osoa dago zehaztuta.














