Ampo Ordiziak talde berria aurkeztuko du gaur
Errugbiko ohorezko mailako 2014-2015 denboraldia hasiko da asteburu honetan. Horregatik, gaur eguerdian egingo du Ordizia Rugby Elkarteak denboraldi berriaren aurkezpena.
Ampo Ordiziak Pozuelon (Madril) CRC taldearen kontra jokatuko duen partidarekin emango dio hasiera. CRC taldea aldaketa fasean harrapatuko du Ampok, izan ere Atletico de Madridekin zuen elkarlana desegin egin da. Uda honetan, gainera, hainbat jokalari galdu ditu taldeak. Hala ere, lehia honetan “talde klasikoa” dela ezin daitekeela ahaztu diote Ordizia Rugby Elkartekoek. “Lana gogor egin beharko dute Santosen eta Aratzen gizonek puntuak Goierrira ekartzekotan”, diote.
Joan etorri gogorrak izango dira datozen asteetan eta liga garaipen batekin hastea beti komeni zaie. Ordiziako taldeari dagokinez, zalantza dago bi jokalariekin: Vaughan Lomax eta Danny Kroll. Lomax arazo fisiko bat gainditzeko dago eta Kroll ostiralerako bertan izatea espero dute, etxetik Ordiziara egiten ari den bidaia luzearen ondoren. Ea iganderako ordu aldaketari buelta eman dion.