"Ordiziako azoka, kasu etnografiko bat" liburua aurkeztuko dute gaur
XV. Gerriko Ikerlan-Beka irabazitako “Ordiziako azoka, kasu etnografiko bat” liburuaren aurkezpena egingo dute gaur iluntzean Ordiziako D’elikatuz zentroan. Uzuri Aboitiz Hidalgo, Beñat Garmendia Hernandez eta Luxia Iriondo Barandiaran dira Ordiziako azoka ikuspegi etnografikotik aztertzen duen ikerlanaren egileak.
“Ordiziako azokan asteazkenero gauzatzen da salerosketa, batik bat elikagaiena. Azokak bete izan duen eta betetzen duen funtzio ekonomia ezin da zalantzan jarri, baina, betiere, aspektu kulturalekin eta sozialekin elkarlotuta ageri dela baieztatu da etnografia honetan. Gaur egun, azokaren garrantzi ekonomikoa nabarmen jaitsi da, eta eskualdeko mugarri ekonomiko izateari utzi dio; horrekin batera, Ordiziako herriaren eta eskualdekoaren bizitza politikoa, soziala, kulturala eta erlijiosoa egituratzen zuen eremu izateari utzi dio”.
“Hala eta guztiz ere, oraindik interesgune da ekoizleentzat, merkatarientzat zein instituzioentzat. Azoka eremu pribilegiatua da testuinguru sozialak eta ekonomikoak behatzeko. Eta, batik bat, harreman sozialen azterketa gauzatzeko. Izan ere, helburu ekonomiko soiletik kanpo, plaza nagusian, asteazkenero, hainbat subjektu jartzen dira harremanetan”.
Iluntzeko 19:00etan izango da aurkezpena, D’elikatuzen.