Urtean zehar egindako lana ikusiko da Santa Anastasia jaietan
Bihartik aurrera Santa Anastasia jaien aurreko asteburua ospatuko dute Urretxun. Adinekoen Astea, presoen aldeko Hutsunerik Gabeko Eguna, Goierri kirol elkartearen areto futbol taldearen 25. urteurrena eta mendi bizikleta proba egingo dituzte, besteak beste. Hala, Urretxuko Udalak eta herriko eragileetako batzuk prentsaurrekoa egin dute Santa Anastasia jaiei buruz hitz egiteko. Bertan, egitarauari buruzko zertzelada batzuk emateaz gain, urtean zehar egiten duten lana azaldu dute.
Bihartik aurrera Santa Anastasia jaien aurreko asteburua ospatuko dute Urretxun. Adinekoen Astea, presoen aldeko Hutsunerik Gabeko Eguna, Goierri kirol elkartearen areto futbol taldearen 25. urteurrena eta mendi bizikleta proba egingo dituzte, besteak beste. Hala, Urretxuko Udalak eta herriko eragileetako batzuk prentsaurrekoa egin dute Santa Anastasia jaiei buruz hitz egiteko. Bertan, egitarauari buruzko zertzelada batzuk emateaz gain, urtean zehar egiten duten lana azaldu dute.
Aurkezpena astearte arratsaldean egin zuten, kultur etxearen kanpoaldean. Aitor Otegi zinegotziak jaien antolaketak urteroko ildoa jarraitu duela esan zuen. «Uztailearen hiru bilera ireki egin genituen eta jendearen erantzuna harro sentitzeko modukoa izan zen. Betikoez gain, belaunaldi berrietako gazteak etorri ziren».
Gainera, pregoia aurten 25 urte bete dituen Goierri areto futbol taldeak irakurriko duela gogoratu zuen eta zoriondu egin zituen. Ondoren, eragileei hitza eman die. Jubilatuen elkarteko Pakita Errastik bihar Gazte Bidean lokalean gazteekin elkartuko direla eta igandean Adinekoen Eguna ospatuko dutela azaldu zuen. «Oso ondo pasatzea espero dugu».
Nerea Altolagirrek gazteen izenean hitz egin zuen. «Gazte Bideanekoak, Txosna Batzordea eta karrozeroak ere prest gaude. Aurten hamalau karroza irtengo dira. Poztekoa da. Ez da denboran oso atzera joan behar 6-7 karrozako desfileak gogoratzeko».
Herritarrei karrozeroek egiten duten lana aintzat hartzeko eskatu zien. «Garrantzitsuena mezua ondo islatzea da eta Irimon ordu asko ematen ditugu lanean. Lehen euskal kulturarekin lotutako gaiak lantzen ziren eta egun gizarte gaiak eta mundu zabalekoak. Karrozak egiten asko ikasten dugu eta ikusleei atzean dagoen lana epaitzeko eskatu nahi diegu».
Mikel Elgarrestak, berriz, Baserritarren Egunari eta herri kirolei buruz hitz egin zuen. «Erakusketan herriko behi onenak ikusi ahal izango dira. Urte osoko lanaren emaitza. Herri kirolari dagokionez, larunbatean idi probak egongo dira eta astelehenean kuadrillen arteko sokatira txapelketa. Ea ekitaldi hauek betiko arrakasta duten».
Xabi Lasak igande goizeko artisau azokaren nondik norakoak azaldu zituen. «Aurten landuko dugun gaia behi azienden ustiaketa da. Hiru ardatz nagusi izango ditu: belarra, ganadua eta beragandik jasotzen den produktua (haragia eta esnea). Duela 50-60 urte nola lan egiten zuten eta egun nola lan egiten duten azaltzen saiatuko gara».
Belarrari dagokionez, zein belar mota dauden eta nola mozten duten azalduko dute. Gainera, haragitarako eta esnetarako behiak egongo dira ikusgai eta jendeak haragi gisatua eta behi esnearekin egindako gazta jateko aukera edukiko du.
Eragileen artean, Gazte Bideaneko Marije Elzo izan zen hitza hartzen azkena. «Hiru urte daramatzagu lanean eta aurten jaien antolaketan murgildu gara, bai Urretxun eta bai Zumarragan».
Gainontzeko eragileei eskerrak eman zizkien. «Eragile ezberdinei esker, jarduera askotan parte hartuko dugu. Gazteekin eta nerabeekin lan egiten duten gainontzeko taldeen lankidetza eskertu nahi dugu».
Bihar adineko jendearekin elkartuko direla, jaietako ostiralean olinpiar joko umoretsuetan parte hartuko dutela eta igandean karrozeroekin mokadutxoa jango dutela azaldu zuen.
Bukatzeko, Otegik jaiak antolatzeko gogor lan egiten dutela gogoratu zuen. «Jaietako programaren atzean urte osoko lana dago. Eskerrak eman nahi dizkiet festa hauek posible egin dituzten guztiei eta bide beretik jarraitzera animatu nahi ditut».
Oharrak
Gainera, bi kanpaina abian jarriko dituztela esan zuen: bata eraso sexisten aurkakoa eta bestea euskararen erabileraren aldekoa. «Zoritxarrez, oraindik eraso sexistak daude, askotan festetan. Jendeari errespetuz jokatzeko eskatu nahi diogu. Bestalde, txosnek euskararen erabilera bultzatzeko kanpaina prestatu dute eta udalak bat egin du. Adin guztikoentzako programa prestatu dugu: kalera irten eta parte hartu!», amaitu zuen.
Prentsaurrekoa antolatzeaz gain, udalak hilaren 22ko kuadrillen bazkarirako izen-ematea astelehenean irekiko duela jakinarazi du. Kuadrillek kultur etxeko sarreran eman behar dute izena: astelehenean, asteartean edo asteazkenean, 19:00etatik 20:30era. Pertsona bakoitzak euro bat ordaindu behar du. Kuadrillen arteko jokoetan parte hartzeko, egun berean eman behar dela izena ere jakinarazi du: hilaren 22an, 12:30ean, Ederrena pilotalekuan.
Bestalde, gazte asanbladak txosnetan lan egiteko deialdia luzatu du. Txanda bat egin nahi dutenek, lau laguneko taldea osatu behar dute eta izena eman: bihar, 19:00etan, gaztetxean.
Urretxuko Santa Anastasia jaiak
Bihar
- 17:00. Belaunaldien arteko elkartrukea Gazte Bideanen.
- 17:00-20:00. Erakusketa udaletxean, Areto futbol (AF) taldearen urteurrenaren barne.
- 18:00. Goierriren saskibaloi taldeen aurkezpena Gernikako Arbolan.
Etzi
- 09:30. 3×3 txapelketa Iparragirre plazan, 6-13 urte bitartekoentzat (AF).
- 10:00-13:00/17:00-19:00. Puzgarriak eta erakusketa (AF).
- 13:00. Herri kirolak eta 20 metrotako lasterketa trailer bati tiraka Gernikako Arbola plazan. Hutsunerik Gabeko Egunaren barne (HGE).
- 14:00. Dantzariak, Gernikako Arbolan (HGE).
- 14:30. Herri bazkaria (HGE).
- Ondoren. Erromeria (HGE).
- 16:00. 3×3 txapelketako finalak (AF).
- 16:30. Beteranoen partida kiroldegian (AF).
- 18:30. Agintarien harrera (AF).
- 20:00. Areto futbol taldeen aurkezpena pilotalekuan (AF).
- 20:30. Giza katea (HGE).
- 21:00. Bertso saioa Labeaga aretoan (HGE).
- 22:00. Taldekoen afaria pilotalekuan (AF).
- 00:30. Ikuskizuna (AF).
- 02:00. DJ festa (AF).
Igandean
- 11:30. Eguneko zentrora bisita, Adinekoen Egunaren (AE) barne.
- 12:15. Korporazioa, adinekoak eta txistulariak Iparragirre plazara joango dira (AE).
- 13:15. Urretxuko pertsona nagusienari omenaldia, argazkia eta dantza saioa (AE).
- 14:15. Bazkaria eta Jon Tirapu eta Andoni MMrekin dantzaldia Ederrenan (AE).
The post Urtean zehar egindako lana ikusiko da Santa Anastasia jaietan appeared first on Otamotz.