Eskoziako erreferenduma babesteko, Legorretako Udalak elkarretaratzera deitu ditu herritarrak biharko
Adierazpen instituzionala onartu du Legorretako Udalak, Eskozian bihar (irailak 18) egitekoak diren independentzia-erreferendumaren harira. Hiru puntuko agiria onartu, eta eskoziar herria zoriondu du lehenik, “libreki etorkizuna erabakitzeko burutzen ari diren ariketagatik”. Erreferendumarekin, “herri orok duen eskubidea” praktikara eraman dutela txalotu du.
Biharko eguna data seinalatua izango dela gaineratu du Legorretako Udalak, “munduko herri askeen historiarako geratuko” delako. “Laster” Katalunia, Euskal Herria eta “munduko hainbat naziok” ere eskubide bera egikarituko dutela aurreratu du, “herrien askatasunaren aldeko atzeraezineko prozesu bat abian dagoelako mundu mailan”.
Azkenik, legorretarrei elkarretaratzera joateko deia egin die udalak. Bihar, osteguna, 20:00etan bilduko dira, plazan. Udalak Eskoziako bandera jarriko du udaletxean.