Herriko elkarteak batzeko festa
Egun handia ospatuko dute datorren astean Beasainen: Mutur Beltz Eguna ospatuko dute irailaren 27an. Madril-Irun tren linea osoa bukatu zeneko 150 urtea dela aitzakia hartuta, herriko hainbat elkartek eta norbanakok, elkarlanean ospatzeko eguna izango da. Egun horren jatorriak historia luzea du: 2012ko maiatz aldera, Igartza monumentu multzoaren erabilerarako oinarriak finkatu ahal izateko partehartze prozesu bat jarri zuen martxan Beasaingo Udalak, Emun enpresaren gidaritzapean. Herritarrei Igartzari zer norantza eman galdetu zitzaien.
Jaso ziren erantzunekin txosten bat egin zuten eta Igartzari balioa emateko lan ildo ezberdinak proposatu zituzten. Horien artean lan ildo batek zioen lan batzorde iraunkor bat sortzeko beharra zegoela Beasainen, euskara eta euskal kultura hasieratik erdigunean izango zituena, eta herriko elkarteak, eragileak, taldeak eta norbanakoak bilduko zituen mahai bat eratzea proposatu zuten.
Erronka horri eutsi eta duela urte bete inguru bilerak egiten hasi ziren hainbat eragile, Igartzako Kultur Mahaia osatuz. 2014-2015 ikasturterako ideia desberdinak proposatu zituzten mahaia osatzen duten kideek, eta horien artean elkarteen eguna ospatzea eta trenaren etorreraren eguna ospatzeko eguna ospatzea proposatu zituzten, besteak beste.
Bada, bi proposamen horiek batuz eta herriko hainbat elkarteren partehartzearekin, irailaren 27an ospatuko duten Mutur Beltz Eguna egitea erabaki zuten.
Egunaren izena ere ez da kasualitatez hautatutakoa: «Txokolatera mutur beltz, esta cuesta lo que cuesta» abestia kantatzen zuten beasaindarrek trenak zeramarren erritmo berean; Mutur Beltz deitzen zioten, beraz, trenari, eta hortik (eta baita treneko langileek eramaten zuten mutur belztuagatik ere) festari eman dioten izena.
Afarirako tikeak salgai daude
Astelehen arratsaldean aurkeztu zuten Mutur Beltz Eguna Igartzako jauregian, hainbat eragiletako kiderekin batera Maider Agirre kultur teknikariak, Koldo Agirre alkateak eta Garbiñe Zurutuza zinegotziak. Arratsalde bete-betea izango da egun horretakoa. Beasaingo elkarte zein norbanako askok parte hartuko du bertan, bakoitzak ondoen egiten dakiena eginez. Eta gauean, afari herrikoia egingo dute. Bertan afaldu nahi dutenek txartelak salgai dituzte dagoeneko honako tabernetan: Bikale, Bideluze, Basakana, Dolarea, Geltoki, Hiruarri, Kuluska, Murgil eta Plazapen.
Mutur Beltz Eguna ez dute, ordea, datorren astean amaitzerik nahi. Jarraipena eman, eta urtean behin bada ere, elkarteen bilgune bihurtu nahi dute.