Rogelio Botanzek errondailarekin abestuko du larunbatean
http://youtu.be/eyvp9-TyKHY Rogelio Botanz abeslari legazpiarrak Alaitasuna errondailarekin kontzertua egingo du larunbat honetan, 20:00etan, Latxartegi aretoan. Kontzertu hau oso berezia izango da, Botanz Kanariar Uharteetan bizi baita eta gaztetan errondailako kidea izan baitzen. Emanaldia errondailak antolatu du, bere 50. urteurrena ospatzeko.
Aspalditik bizi da Kanariar Uharteetan, baina urtero etortzen da Legazpira. «Soldadutza Kanariar Uharteetan egin nuen eta han nire lehen emaztea ezagutu nuen. Ezkontzea erabaki nuen eta 1978tik bertan bizi naiz. Dena den, sarritan joaten naiz Legazpira. Urtean behin gutxienez joaten naiz, baina urteren batean bost aldiz joan nintzen. Kuadrillako lagunek hileko lehen asteazkenean afaria egiten dute eta noizean behin joaten saiatzen naiz».
Izan ere, Botanz Legazpin egin zen musikari. «Nire aita jota abeslari bikaina da. Etxean igandero abesten genuen. Seme batek gitarrarekin laguntzea nahi zuen eta 9 urterekin errondailan sartu ninduen. Errondailan ikasi nuen gitarra jotzen».
Ondoren, kantautore egin zen. «Fraide gazte batek eskolatik atera eta Paco Ibañezen Andaluces de Jaén jarri zigun entzuteko. Garai hartan Miguel Hernandez errezitatzea debekatuta zegoen! Hori da hori maisu batek haur batengan izan dezakeen eragina…».
Ordutik hamaika emanaldi eman ditu. Legazpin askotan abestu du, eta bere alaba batek ere bai. «Bigarren alabak bi aldiz jo du Karibe Zaharra tabernan. Ida Susal da bere izen artistikoa. Diskoa atera du, crowdfunding bidez, eta legazpiarrek asko lagundu diote».
Seme-alabekin, euskaraz
Izan ere, Botanzek sekula ez dio legazpiarra izateari utziko, eta bere seme-alaba gazteenekin euskaraz hitz egiten du. «Hirugarren seme-alaba eduki nuenean, bigarren emaztearekin lehenengoa, haurrari euskara irakastea erabaki nuen. Horretarako, nire euskara berreskuratu beharra izan nuen. Liburuak eta ETBko marrazki bizidunen DVDak ekarri nituen Kanariar Uharteetara. Egun, zorionez, euskarazko telebista zoragarri bat dugu: Hamaika Telebista. Etxeko lanak egiten ditudan bitartean ikusten dut».













