Kalitatezko Zerain
Ondarea berreskuratu eta balioan jartzeari ekin zioten garaian sortu zen Zeraingo azoka ekologikoa. Herria biziberritzeko giltzarri izan da aurten 20 urte beteko dituen azoka, Zeraini kalitatearen zigilua eman dion egitasmoa. Atzera begiratu eta urte asko pasa dira Zerainen lehen azoka ekologikoa egin zutenetik. Baserritarren eta nekazarien ekoizpenei merkatura bidea irekitzeko zerbait antolatu nahian zebiltzan Zerainen. Biolur elkartea, berriz, Gipuzkoan topaketa ekologikoa egiteko herri bila zebilen. Hala egin zuten topo herriak eta elkarteak. Igande honetako azokarekin hogeigarren edizioa beteko dute elkarlanaren bidean. Azken urteetan Goierriko Baratzarekin batera, Goierriko Bizitza eta Nekazaritza Ekologikoaren Hamabostaldiaren baitan kokatzen dute Zeraingo azoka ekologikoa. Bi hamarkadetan zehar hasieratik izan duen erakargarritasunari eusten jakin duen azoka da: bertan erakusten diren postuetako produktuen kalitatea gertutik zaintzeaz gain, bestelako artisau erakusketa eta tailerrez jantzi baitute eguna. Egiteko grina Inprobisaziotik eta ezjakintasunetik asko izan zuten azokaren lehen edizioek. Lanerako gogotik ere bai, ordea. Zeraingo azokaren arrakastaren zergatia aurkitzerakoan auzolana izango da gakoa, ziurrenik. Lehen urteetan heldu zion azokaren antolaketarako koordinazio lanari Mari Flor Mendizabalek, eta 2011n pasa zion lekukoa Juan Mari Iztuetari. 90eko hamarkadan Zerainen lanerako «gogo izugarria» zegoela gogoratzen du Mendizabalek. «Orduan herrian egitasmo ugari jarri ziren martxan, herritarrak piztuta zeuden, lanerako gogoz, eta testuinguru horretan sortu zen azoka». [...]
Ondarea berreskuratu eta balioan jartzeari ekin zioten garaian sortu zen
Zeraingo azoka ekologikoa. Herria biziberritzeko giltzarri izan da aurten 20 urte
beteko dituen azoka, Zeraini kalitatearen zigilua eman dion egitasmoa.
Atzera begiratu eta urte asko pasa dira Zerainen lehen azoka ekologikoa egin zutenetik. Baserritarren eta nekazarien ekoizpenei merkatura bidea irekitzeko zerbait antolatu nahian zebiltzan Zerainen. Biolur elkartea, berriz, Gipuzkoan topaketa ekologikoa egiteko herri bila zebilen. Hala egin zuten topo herriak eta elkarteak. Igande honetako azokarekin hogeigarren edizioa beteko dute elkarlanaren bidean.
Azken urteetan Goierriko Baratzarekin batera, Goierriko Bizitza eta Nekazaritza Ekologikoaren Hamabostaldiaren baitan kokatzen dute Zeraingo azoka ekologikoa. Bi hamarkadetan zehar hasieratik izan duen erakargarritasunari eusten jakin duen azoka da: bertan erakusten diren postuetako produktuen kalitatea gertutik zaintzeaz gain, bestelako artisau erakusketa eta tailerrez jantzi baitute eguna.
Egiteko grina
Inprobisaziotik eta ezjakintasunetik asko izan zuten azokaren lehen edizioek. Lanerako gogotik ere bai, ordea. Zeraingo azokaren arrakastaren zergatia aurkitzerakoan auzolana izango da gakoa, ziurrenik.
Lehen urteetan heldu zion azokaren antolaketarako koordinazio lanari Mari Flor Mendizabalek, eta 2011n pasa zion lekukoa Juan Mari Iztuetari. 90eko hamarkadan Zerainen lanerako «gogo izugarria» zegoela gogoratzen du Mendizabalek.
«Orduan herrian egitasmo ugari jarri ziren martxan, herritarrak piztuta zeuden, lanerako gogoz, eta testuinguru horretan sortu zen azoka». Geroago Zerain Dezagun Fundazioa izango zenaren oinarriak jarri ziren garai hartan. Zerain Proiektua izenpean sortu zen talde bat artzainak, esnegileak, artisauak zein bestelako herritarrak biltzen zituena. Lan talde emankorra zen, Zerain biziberritzen lan egiteko gogoz zegoena.
Barazkiak, fruta eta ogia. Horiek izango ziren 1995eko irailaren 10ean egin zen lehen edizio haietan azokan jarri ziren produktuak. Guztiak ekologikoak, azokak hasieratik heldu baitzion kalitatearen zigiluari. Gisa horretako eskaintzak ez ziren ugariak garai hartan eta Zeraingo ekitaldiak berehala bereganatu zuen arreta Goierrin nahiz Euskal Herrian.
Pixkanaka-pixkanaka hazi zen azoka; ekoizpen ekologikoaren gorakadarekin batera. «Gaur egun, barazkiez eta frutaz gain ukenduak, mermeladak, jantziak, olioak, gozoak, eztiak eta beste edozer topa dezakegu», dio Mendizabalek.
Era berean, artisauek erakustaldiak egiten dituzte eta lan bereziak ikusteko aukera izaten da. Lixiba egitea, egur taila zein egurrezko bizikletak. Pintxo ekologikoei laguntzeko, berriz, antzinako eran, tolarean, ateratzen dute sagarraren muztioa.
Ohitura zaharrak
Zerainen lehenagotik ere antolatzen zen Kultur Astearen baitan egin izan zen lanbide zaharrak berreskuratu eta erakustaldiak egiteko ahalegina. 1992. urtean, esaterako, herritarrek gailu zaharren katalogoa osatu zuten, erakusketa egin eta museoa ireki zuten ondoren.
Ugari izan dira berreskuratu dituzte ohiturak: koltxoi jotzea, zuhatza egitea, tolarea, tinta naturalak edo txondorra egin. «Behin karea ere egin zen. Pentsa, herritar batek behin ikusi zuenetik egin zen», dio Mendizabalek.
Goiz hasten da eguna
Bi hamarkaden ondoren, azoka antolatzeko makinaria guztia «erraz» mugitzen dute, nahiz eta Mendizabalek zein Iztuetak oraindik buruhauste bat baino gehiago izaten duten.
Behin azoka eginda, urtea amaitzerako hurrengoaren data eman behar izaten dute. Beti egiten dute irailaren hirugarren igandean. Urtarrilean hasten dira, ondoren, azoka egunean antolatuko dituzten ekintzetan pentsatzen. Zein ekoizle etorriko diren erabakitzea Biolurren lana izaten da.
Tailerrak, erakusketak eta gainontzeko ekitaldiak prestatu eta publizitatea egiten ematen dituzte azken asteak.
Egunean bertan, berriz, goizean goiz ematen diote hasiera egunari igandean. Bezperatik postu mahaiak prest utzi ondoren, goizeko lehen orduan ekoizleei harrera egin eta bakoitza non jarri antolatzeari ekin behar izaten diote. Iztuetak nabarmentzen du trafikoak ere lan handia eskatzen duela: «Autoentzat norabide aldaketak izaten dira, aparkatzeko lekua prestatu behar da, lan izugarria da hori».
Lana asko izan arren, gustura egiten dutena da. Iztuetarentzat «harro egoteko moduko ekitaldia da etortzen den jendetza ikusita». Saltzaileek ere galdu nahi ez duten plaza izaten dute Zeraingoa. Hogei urte bete arren, beste horrenbesterako oinarriak jarrita dituzte Zerainen.