
Hasieratik bukaerara, primeran pasa dute urretxuarrek Santa Anastasia jaietan. Atzo euria egin zuen, baina urretxuarrak ez ziren kikildu eta, gainera, hiru egun dantzan eta saltoka eman ondoren, ondo etorri zitzaien apur bat freskatzeko. Balorazioa positiboa da, batez ere eguraldiak lagundu duelako eta karrozen maila oso altua izan delako.
Jaiak ostiralean hasi ziren, haurrentzako ekitaldiekin. Dena den, protagonista nagusiak Goierri kirol elkarteko areto futbol sailekoak izan ziren. Sail honek 25 urte bete ditu eta beraiek izan ziren pregoia irakurtzeaz eta txupinazoa botatzeaz arduratu zirenak. Pregoia irakurtzeaz gain, bertso bat abestu zuten eta udaletxeko balkoitik plastikozko baloiak bota zituzten. Ekitaldian jokalari eta jokalari ohi asko elkartu ziren eta, txupinazoaren ondoren, xanpainarekin topa egin zuten.
Larunbatean, baserritarrak izan ziren kalera irteten lehenak. 09:30erako Urretxuko baserrietako abelgorrien erakusketa eta lehiaketa abian ziren. 25 buru aurkeztu zituzten, horietatik sei frisoi arrazakoak. Biga onena eta lau urtetik beherako onena Agerrekoek aurkeztu zituzten. Lau urtetik gorakoei dagokien saria, Iturbe Behekoek eskuratu zuten.
Limousinetan Donardegikoak nagusitu ziren, txarolesetan Zabaletakoak, pirenaiketan Zuloagakoak, parda alpinetan Beaingoak eta flechvieck-etan Etxaburukoak.
Larunbatean beste lehiaketa garrantzitsu bat ere egiten dute urretxuarrek: gastronomia lehiaketa. 51 kuadrillak parte hartu zuen, eta epaimahaiaren arabera, bakailao-bola onenak SDV kuadrillako Juanra Etxanizek eta Joseba Etxeberriak prestatu zituzten. Aurkezpen onenari saria, berriz, Zalantza kuadrillako Iñigo Alzelaik eta Jon Andoni Apaolazak lortu zuten.
Urtero bezala, musikak eta dantzak toki garrantzitsua izan dute jaietako larunbatean. Lurra dantza taldearen 26. folklore jaialdian, Beasaingo Aurtzaka, Madrilgo Raíces de Cenicientos eta Irlandako Drónan&Nuala Irish taldeek kolorez betetako ikuskizuna eskaini zuten.
Gauean, The Sparteens taldeak Gernikako Arbola plazan jo zuen eta Kashbad, Zopilotes Txirriaos eta Kolpatu taldeek txosnetan. Ekitaldi hunkigarriena Iparragirre plazakoa izan zen. Izan ere, txistulari alardean Ramon Esnaola maisua omendu zuten.
Igandean, urretxuarrek jaietako egun handia ospatu zuten: Euskal Jaia. Goizeko festa behi- azienden ingurukoa izan zen. Lan egiteko moduan azken urteotan eman diren aldaketak erakutsi zituzten.
Aurtengo Santa Anastasiek horren zapore gozoa utzi izanaren arrazoi nagusia igande arratsaldeko karroza desfilearen arrakasta da. Izan ere, jaietako ekitaldi nagusia eta festen termometroa izaten da. Aurten, dena ezin hobeto irten da: eguraldi bikaina egin du eta guztiek karrozen maila oso ona izan dela uste dute.
Denera 14 karroza egin dituzte eta epaimahaiko kideen arabera MDY kuadrillarena izan da onena. Kuadrilla honek Tantaz-tanta izeneko karroza egin du. Tantaz-tanta, izotza urtzen den abiaduran, euskarari eraso egiten ari garela salatu dute. Horretarako, hartz zuri handi bat egin dute. «Erraza da goikoei errua botatzea, eta, ziurrenik, hemendik urte batzuetara, hartza itotzen bada, beste batzuei leporatuko diegu bide zuzena hartu ez izana. Sekula ez genuke gure burua errudunen zerrendan ikusi nahi, baina bada garaia autokritika pixka bat egin eta akatsak zuzentzen hasteko», zioen beraien testuak.
Atzo, kuadrillen eguna
Atzo, kuadrillen eguna ospatu zuten urretxuarrek. Goizean haurrentzako jolasak egon ziren eta eguerdian bazkaria egin zuten. Arratsaldean kuadrillen arteko jokoak egon ziren eta festak, beti bezala, kantu afariarekin bukatu ziren. Urretxuar guztien artean poza zen nagusi, baina MDY kuadrillakoak eta udal ordezkariak bereziki irribarretsu zeuden: lehenak karroza onenari saria irabazi zutelako eta bigarrenak festak primeran joan direlako.
MDY kuadrillak zortzi urte daramatza karroza egiten. Neskak hasi ziren eta duela lau urte mutilak gehitu zitzaizkien. Duela bi urte ere lehen saria irabazi zuten, birziklapenari buruzko karrozarekin. «Aurten, desfilean, inoiz baino gehiagotan esan digute karroza polita dela eta irabazteko aukerak ditugula. Batzuetan jendea kritiko samarra dela iruditu zaigu, baina kuadrillok egiten dugun lana baloratu egin behar da. Txaloak asko eskertzen dira», esan zuen Jokin Zalduak.
Aitor Otegi zinegotzia iritzi berekoa da. «Festak oso ondo joan dira, batez ere Euskal Jai eguna. Azken urteotako jendetsuena izan da eta ikusleak oso gustura ikusi ditut. Azken urteotan karrozen mailaz asko hitz egin da eta epaimahaikoek karrozen maila asko hobetu dela esan dute».
-
-
Naroa Agirre, pertika jauzian, Kale Nagusian./A. Maiz
-
-
Gari Garmendia idiazabaldar jaurtilaria./A. Maiz
-
-
-
-
Nora Tobar ataundarra, 1,60an geratu da gaur, bere marka pertsonaletik koska bakarrera./A. Maiz
-
-
Mikel Matey eta Igor Legarda jauzi bikoitzean, 1,75eko mailan./A. Maiz
-
-
Iker Arizmendi ordiziarra, gorako jauzian./A.Maiz
-
-
Carlos Tobalina kantabriarra, Ordiziako Plazan, gaur./Aimar Maiz
-
-
-
-
-
-
-
-
-
-
-
-
-
-
-
-
-
-
-
-
-
-
-
-
-