Asteburuan abiatuko dira Cho Oyuko tontorrera alpinista goierritarrak
Altuerara egokitzapena eginda, asteburu honetan tontorrerako bideari ekingo diote Oier Plazaola, Xabier Urrate eta Pedro Garcia mendizale goierritarrek. Abuztuaren amaieran eman zioten hasiera bidaiari eta irailaren 14an iritsi ziren Cho Oyura (8.201m) joateko oinarrizko kanpalekura. Hainbat egunez 7.200 metrotan ibili ondoren, berriro ere oinarrizko kanpalekura (5.700m) itzuli dira atseden hartzera.
Espedizioaren jarraipena egiten ari diren www.chooyu2014.com web atarian jasotakoaren arabera, “hirurak indartsu daude, gogotsu gailurreko bideari ekiteko”. Oraindik eguraldi egokia ez duten arren, datozen egunetan hobera egingo duela dio aurreikuspenak. Beraz, asteburuan ekingo diote gailurrerako bideari eta guztia espero bezain ondo joanez gero, urriaren 1ean zapalduko dute tontorra. Hala ere, gailurreraino iristea lortzen ez badute ere, ahalik eta gertuen iristea izango dute helburu.
Egokitzapen aldian burukominak eta bestelako ondoezak izan dituzte; “gogorra” izan dela diote eta hotza egin diela. Edonola ere, 7.000 metrotan “uste baino hobeto” ikusi dute beren burua. “Orokorrean, aklimatazioa ondo egin dutela uste dute. Bitartean tarte zail bat irekitzeko aukera izan dute, eta espero baino errazago egin dute”, diote. Orain, hiru-lau egunez atseden hartuko dute eta eguraldiak tarte on bat ematen dien unean abiatuko dira.