Gaintzan astelehenean inauguratuko dute udaletxe berria
Gaintzako udaletxe berria eta herriko zerbitzu publikoen bilgune den eraikina jaietan inauguratuko dute. San Migel egunean izango da ekitaldia, astelehenean, 12:00etan. Gaintzako udalkideekin batera, Goimeneko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako agintariak izango dira inaugurazioan.
Eraikin berri-berria altxatu dute Gaintzan, lehen Ostatu-Etxeberri zegoen orubean. Ezker erdia erabilera publikorako izango da: udal bulegoak, biblioteka, KZgunea eta ikus-entzunezko aretoa izango ditu. Eskuinaldean, etxebizitzak sortu dituzte. Behealdean On-Bide elkartea kokatu dute.
Ekainean jarri zuten martxan udaletxe berria, lehengo etxetik aldaketa eginda. Baina, herritarrek eraikina barrutik ikusteko modua izango dute orain, agintariek zinta moztu ondoren. Mokadutxoa On-Bide elkarte berrian egingo dute, eraikinaren behean kokatu baitute.