Olaberriko tiro eremua ixteko ebazpena atera du udalak
Olaberriko Udalak tiro eremuan eskopetekin plater hausketa burutzen duen Olaberriko Tiro Klubari aktibitatea eteteko agintzen dion ebazpena atera du. Irailaren 16ko data du Alkatetzaren aginduak. Klubak jarduera ez badu uzten, itxiera udalak berak egingo duela dio ebazpenak, «modu subsidiarioan, eskura dituen baliabideen bitartez».
Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak apirilaren 2an tiro jarduera eteteko esanez epaia atera zuen. Tiro elkarteak gutun zertifikatua jasotzen duenetik hiru eguneko epea du. Aktibitate hori, hala ere, legezta daitekeela dio udalak, eta beharrezko dokumentazio teknikoa aurkezteko hiru hilabeteko epea jarri du.
Olaberriko Udalean oposizioan dagoen EH Bilduk, ordea, alkatearen jarrera salatu du: «Auzitegi Nagusiak emandakoa epaia betearazi ordez, gaia luzatzeko asmoz, alkatetza eta elkartea hainbat trikimailu erabiltzen ari dira».
Gutuna ez hartzeko erabakia
EH Bilduk dioenez, tiro elkarteko lehendakariak salaketa jarri zuten herritarrei jakinarazi die ez duela udalaren eskutitza hartuko. Hala, udalari ebazpena betearazteko eskatu diote, «gehiago luzatu gabe». Plater hausketan aritzen diren egunetan, «hau da, asteazken, ostiral, larunbat eta igandeetan», hara joan eta agiria arduradunei emateko eskatu dio.
Kutsaduraren gaiaz ere «kontuak eskatu eta neurriak hartu» behar direla dio EH Bilduk.