Basherri egunak Lazkaoko nekazaritza eta antzinako gari lanak erakutsi ditu
Hogei baserriren lana. Hamar bat jaki postu. Beste horrenbeste ganadu multzo plazan. Ehunka lazkaotar baserri mundura hurbilduta. Zenbakitan, datu horiexek utzi ditu igandean Lazkaon ospatu zen III. Basherri Egunak. Jakintzan, askoz gehiago, herrian nekazaritza zertan den, laborariek zer egiten duten eta baserria nola dagoen jakin ahal izan baitzen.
Eguerdi alderako animatu zen plaza ingurua, ordurako prest zeuden postuak eta erakusketak ikustera jendea bildu zenean. Pilotalekuan kokatu dituzte aurten sukaldea eta aurten bereziago landu den gaiaren txokoa: gari lanketarena. Plazan, ganadu aziendak: behiak, behorrak eta zaldiak, ahuntzak, ardiak, txahalak, astoak, oiloak eta untxiak udaletxeko arkupeetan…
Iker Markinez sukaldari beasaindarrak Jose Gonzalez kordobarra izan zuen laguntzaileetako bat, herritar ugariz gain. Barazki panatxea prestatu zuten; mota bakoitza bereiz egosi, azken unean zaporeak nahasteko batu, eta txerri hirugiharre zatia frijituta gainean zuela zerbitzatu zuten. Mila pintxo banatu zituzten.
Gari lanak Garinen eskutik
Eguneko arreta gune handietakoa Enparandegikoek eskaini zuten, frontoian. Garia erein eta landu dute aurten baserrian, eta garai bateko gari-lanak nolakoak ziren erakutsi zuten. Eskukada sortak hartu eta harrian jo, alea makinan garbitu, neurtzeko ontzi bereziak erakutsi… «motorrik ez zen garaian» nola moldatzen ziren jakin zuten lazkaotarrek.
Garia Basherri Egunerako propio erein dute Enparandegin. «Azaroan erein genuen, eta San Joan ondoren bildu. Ondo heldu da, ale asko dauka», azaldu du Juan Joxe Garinek, emaztea laguntzaile zuela.
Aspaldiko garigintza etxean bertan ezagutu zuen Garinek. «Gure etxean 1960an erein zen azkeneko aldiz garia. Lazkaon 1965ean edo 1966an, inguru horretan». Laborea ereiteaz gain, tresna guztiak berak egin ditu, eskuz: garbitzeko makina egurrezkoa, harria, anega laurden eta erdi ontziak, lakari eta lakari erdi ontziak… Anega bat 55,5 litro da, zakukada edukieraz; lakaria, anegaren zortzitik bat da. Guztia, 1961ean erositako traktore berrituan eraman zuen Garinek.
«Lehen, soro erdiak garia ereiteko erabiltzen zituzten baserrietan, eta beste erdiak artoarentzat. Txandaka erabiltzen zituzten sailak, gainera, lurra ez agortzeko eta indarra berreskuratzeko. Tartean arbia ereiten zuten, ganaduak neguak jatekoa izan zezan», dio Garinek.
Saskikada barazki opari
Azokako erosleen artean, Lazkaoko produktuz baserritarrek hornitutako bi saskikada zotz egin zituzten. 763 eta 335 zenbakidunei egokitu zitzaizkien. Giroa Lazkao Txiki musika eskolako trikitilariek alaitu zuten, eta asto-gurdiak erabili zituen Giasel elkarteak, haurrak paseoan ibiltzeko.
Basherri eguneko argazki batzuk (argazkilaria: Aimar Maiz):