Auzoz Auzoko prozesuari ekingo dio Ordiziako Udalak datorren astelehenean
Auzoetan dauden beharrak antzeman eta zein hobekuntza egin herritarrekin batera erabaki ahal izateko Auzoz Auzo partaidetza prozesua jarriko du abian Ordiziako Udalak, hirugarren urtez jarraian. Atzo amaiera eman zioten Ordizia Zabalik prozesuarekin batera, 2015eko udal aurrekontua “ahalik eta parte hartzaileena” izatea du helburu Auzoz Auzoko prozesuak.
Datorren astelehenean, urriaren 6an, ekingo diote errondari eta urriaren 13 arte bost bilera egingo dituzte. Auzoka banatuta, iluntzeko 19:00etan egingo dituzte bilera guztiak. Eskaera eta proposamen guztiak aztertu ondoren, urriaren 30ean egingo duten osoko bileran hartutako erabakien berri emango dute.
2012ko eta 2013ko udazkenean egin ziren gisako lehen bi parte hartze prozesuak. Udalak haien gaineko irakurketa “oso positiboa” egin du eta aurten ere ildo berean lanean jarraitzeko konpromisoa erakutsi dute. “Herritarrei bileretan parte hartzeko deia egiten diegu, haien iritziak eta ekarpenak garrantzitsuak baitira Ordizia hobetzeko, eta 2015eko udal aurrekontua ahalik eta parte hartzaileena izateko bidean”, azaldu dute.
Otegi-eneako ezinduentzako arrapala, Okorro parkearen egokitzapena, Zumalakarregi kaleko zuloaren konponketa, Plaza Nagusiko komun publikoen berrikuntza, Eskarabillako parke berria, zineko eskaileren berritzea nahiz Domingo Unanue plazako filtrazioei konponbidea ematea, asko izan dira herritarren eskariz aurreko urteetan garatu diren proiektuak.
EGUTEGIA
- Urriak 6, astelehena: Altamira, Otegi-enea eta Majoria. Oianguren instutuan, 19:00etan.
- Urriak 7, asteartea: Buztuntza. Urdaneta eskolan, 19:00etan.
- Urriak 8, asteazkena: Eskarabilla, Urdaneta eta San Bartolome. Udaletxeko pleno aretoan, 19:00etan.
- Urriak 9, osteguna: San Joan, Filipinak, Arana eta Arramendi. Udaletxeko pleno aretoan, 19:00etan.
- Urriak 13, astelehena. Erdigunea, Lukusain, Domingo Unanue eta Gudarien Etorbidea. Udaletxeko pleno aretoan, 19:00etan.
- Urriak 30, osteguna: Osoko bilera. Udaletxeko pleno aretoan, 19:00etan.