Goierri Eskolak langabetuak aholkularitza jasotzera animatu ditu
Goierri Eskolak Lanbide enplegu zerbitzuarekin elkarlanean formakuntza ikastaro berriak abiatu ditu langabetuentzat. Merkatuko eskakizunetara egokituriko ikastaroak dira, partaideak kalitatezko kualifikazio teknikoarekin prestatuz, lan merkatura buelta errazteko.
Langabetuei eskaintzen zaizkien ikastaroak diru-laguntza dute, ondorioz, doakoak dira izena-ematen dutenentzat. Gainera, guztietan eskaintzen dira enpresetan lan-praktikak. Aukeraketa bat egiterakoan aholkularitzak duen garrantzita nabarmendu nahi izan dute Goierri Eskolakoek. Horregatik, doako aholkularitza eskainiko diote interesa duten guztiei, “biderik onena aukeratzen laguntzeko” bakoitzaren profila eta esperientzia oinarri hartuta.
Goierri Eskolako lan praktiketako zuzendari Juan Urteagaren ustez “ikastaro hauetan osatzen diren taldeak oso heterogeneoak dira eta bakoitzaren abiapuntua oso ezberdina da”. Gakoa koherentziaz aukeratzean dagoela dio Urteagak.
Goierri Eskolak beharra duten guztiak, eta batik bat, langabezian daudenak aholkularitza jasotzera eta duten formazio eskaintzaren inguruko informazioa bilatzera animatu ditu.