Legazpiko Udalak herritarrekin elkarlanean egokituko du oinezkoentzat Kale Nagusia
Legazpiko Udalak Kale Nagusia oinezkoentzat egokitu behar du eta horretarako parte hartze prozesua abian jarri behar du.
Kale Nagusia oinezkoentzat egokitzea 2008an udalak onartu zuen Mugikortasun Planeko egitasmo nagusietako bat da. Azkenean heldu da aurrera ateratzeko ordua eta udalak legazpiarrekin batera lan egin nahi du.
Horretarako, hainbat bilera antolatu ditu. Lehenengoa datorren ostegunean izango da. 14:30ean Kale Nagusiko dendari, tabernari eta taxilariekin elkartuko da. Egun berean, 18:30ean, Agenda 21eko foroa egingo dute udaletxeko areto nagusian. Bertan ere gaia landuko dute. Gainera, urtea amaitu bitarteko foro guztietan gai hau aztertuko dute.
Bilera hauetan herritar guztiek parte har dezakete, baina udalak Kale Nagusiko bizilagunek eta kultur eta kirol elkarteek parte hartzea bereziki garrantzitsua dela uste du.
Eskola Agenda 21ean parte hartzen duten umeek ere gaia landuko dute eta proposamenak aurkeztuko dituzte.
Hurrengo foroa hilaren 30ean egingo dute. Bertan, proposamenak aztertu eta lehentasunak zehaztuko dituzte. Horiek kontuan hartuta, udalak proposamenak landuko ditu. Proposamen hauek abenduaren 4ko foroan aurkeztuko dizkie herritarrei.
Herritarrek Internet bidez ere edukiko dute euren iritzia emateko aukera. Udalaren webgune berrian, Agenda 21eko foroa erabilgarri egongo da aurki. Bertan, legazpiarrek euren iritzia emateko aukera edukiko dute, aurretik autentifikazioa eginda.
Bilera bakoitza baino astebete lehenago, bertan aztertuko den gaiari buruzko galdera bat egingo dute sareko foroan. Ondoren, webgunean jasotako ekarpenak bildu eta bilerara eramango dituzte. Taldean eztabaidatu ondoren, webgunean bertan ikusi eta irakurri ahal izango den akta batean jasoko dituzte emaitzak. Era horretan, bileretara joan ezin duten pertsonek ere euren iritzia emateko aukera izango dute.
Udalak herritarren parte hartzea funtsezkoa dela uste du eta herritarrei bileretara joateko eta webguneko foroa erabiltzeko deia luzatu die.