Zaldibian bihar hasiko dituzte festak, Olanok eta Irastortzak txupina botata
Bost eguneko festak bihar arratsaldean hasiko dituzte Zaldibian. Santa Fe jaiak, udazken bete-betean, asteburu luze honetan ospatuko dituzte lehenbizi. Ondoren, hurrengoan Elkartasun Eguneko ekitaldiak bilduko dituzte. Azken urteotan ohitura bihurtu den kalejirarekin hasiko dira. Mondejuak egiteko beharrezko osagaiak batzen dituztela irudikatuko dute haurrek, Olaldetik plazara. Iluntzean, hain zuzen, mondeju jate herrikoia dago.
Txupina botatzeko bi zaldibiar gonbidatu dituzte: Juan Mari Olano eta Aitor Irastortza. Olano maiatzean geratu zen aske, AAMren auziagatik hamar urteko kartzela zigorra bete ondoren. Irastortzak, berriz, apirilean Gabiriako Osinalde bertso sariketa entzutetsua irabazi zuen. Norbere arloan egindako lana aitortuko diete zaldibiarrek biei, hasierako suziria pizteko ohorea emanda.
Egunen banaketari dagokionez, ez da berritasunik: ostirala hasteko erabili ondoren, larunbata mozorrotzeko izango da; igandea kuadrillen eguna da, eta astelehena Santa Fe zaindariarena.
Profesionalen pilota partidak
Jaietan bi pilota jaialdi izango dira. Nagusia, larunbatean 18:00etan Resti pilotalekuan, profesionalek eta afizionatuek osatutako karteldegiarekin izango da. Lehenengo neurketa amateurrek jokatu ondoren, izarra bigarrena da, lau t’erdiko txapelketako kanporaketa ofiziala. Aritz Lasa urretxuarrak eta Mendizabal III.ak jokatuko dute. Jaialdia osatzeko, ondoren Jaka-Zubieta eta Altuna III.a-Tolosa bikoak ariko dira. Sarrerak 15 euro balio du; pilotalekuko leihatilan salduko dituzte, etzi bertan, 16:30etik aurrera.
Bigarren jaialdiak jaien lehen txanpa itxiko du, astearte arratsaldean. Zaldibiako Pilota Eskolako haurrak ariko dira.
Herritarrek gaueko zaintza egingo dute, boluntarioki. Parke Botanikoan eta eskola inguruan inork txikiziorik egin ez dezan, taldeetan antolatuta ibiliko dira gauzainak. Bihar eta etzi gauetan, eta urriaren 11 gauean izango dira zaintzaileak. Herritarren lana eskertu du udalak.
Ikurrinak jartzeko deia egin du udalak. Udaletxean edo kultur etxean dauzkate salgai, euro batean. Etxe bakoitzeko bat har liteke. «Falta direnak» ere gogoan izateko eta festak haien oroimenean ospatzeko eskatu du udalak, «gure artetik joan diren zaldibiarrak, eraman zituztenak edo bidean geratu zaizkigunak».
Santa Fe festen egitaraua bihartik asteartera ospatu ondoren, hurrengo astebururako Elkartasun Eguna utzi dute. Urriaren 10ean hitzaldia egingo dute, ostiralarekin. Larunbatean, berriz, egun osoko festa.