Bihar Oripaviren Kultur Arteko Eguna egingo dute Legazpiko plazan
Legazpiko Oripavi elkartearen Kultur Arteko Eguna egingo dute bihar Legazpiko plazan. Aurtengoa hirugarren edizioa da eta komunikazioa da ardatza. Hasteko, 10:00etan, gastronomia eta artisau merkatua irekiko dute. Kultura ezberdineko norbanakoek eta elkarteek jarriko dituzte postuak.
Gastronomia azokan Senegal, Nikaragua, Maroko eta Brasilgo jakiak eta edariak dastatzeko aukera egongo da. Gainera, Arabako Rivo de Moreta herriko olioa, Urretxuko gozokiak eta Telleriarteko talogileek egindako taloak jarriko dituzte salgai.
Artisau merkatuari dagokionez, Maroko, Tunez, Senegal, Costa Rica eta Euskal Herriko lanak egongo dira salgai.
Horretaz gain, 11:00etan Giamila Rienzi antropologoak Komunikazio ez erasokorra tailerra emango du. Helduei zuzendutako tailerra izango da.
Haurrentzat jolas komunikatiboak eta parte hartzaileak egongo dira. 11.30etik 12:30era jolastuko dute, Sorgintxulo elkartearen eskutik. Ondoren, 13:30ean, Legazpiko Sustraiak taldeak dantza erakustaldia egingo du.
Goizeko ekitaldiekin bukatzeko, 14:30ean bazkaria egingo dute. Parte hartzaileek azokan erositakoa edo etxetik eramandakoa jango dute.
Herrian 33 herrialdetako jendea bizi da eta euren kulturak ezagutzera eman nahi ditugu» Gentzane Arruabarrena (Oripaviko kidea) «Inposatu diguten mundu global honetan, tokian tokiko akzioa guztiz beharrezkoa da» Rupa Rodriguez (Oripaviko kidea)Arratsalderako ere ekitaldiak antolatu ditu Oripavi elkarteak. 17:00etik 18:00era txalaparta tailerra egongo da, Sutan Ttakun taldearen eskutik. Tailer honetan haurrek ere parte hartu ahal izango dute. Ondoren, kontzertuak egongo dira. 18:30ean Harresian Zulo talde gasteiztarrak joko du. Talde hau jatorri ezberdineko musikariek osatzen dute eta erritmo ezberdinak nahasten dituzte: Afrikako danborrak eta txalaparta, besteak beste. Bukatzeko, 20:30ean Brigada Improductiva taldeak joko du. Musika talde hau Iruñakoa da eta ska musika jotzen du. Oripavikoek Legazpiko Udalaren laguntzarekin antolatu dituzte ekitaldi hauek guztiak. Ekitaldiaren helburuak Oripavi elkarteko Rupa Rodriguezek eta Gentzane Arruabarrenak Kultur Arteko Egunaren helburua Legazpin dauden kultura ezberdinak ezagutzera ematea dela esan dute. Izan ere, «elkar ezagutuz askoz ere errazagoa da elkarrekin ondo moldatzea». «Herrian 33 herrialde ezberdinetako jendea bizi da eta euren kulturak ezagutzera eman nahi ditugu», aipatu du Arruabarrenak. Aurtengo edizioaren gaia komunikazioa da. «Integrazioaren eta bizikidetzaren alde gaude eta horretarako komunikazioa beharrezkoa da». Oripaviko kideek oraindik lan asko dagoela egiteko uste dute. «Inposatu diguten mundu global honetan, tokian tokiko akzioa guztiz beharrezkoa da. Herritarren partaidetza eta bizikidetza bultzatu behar dira», amaitu du Rodriguezek. Oripavi elkartearen helburua bizitzarako orientazioa eskaintzea da eta urtean zehar hainbat hitzaldi eta ikastaro antolatzen dituzte euren xedea lortzeko.