Boluntarioen lana ezagutzeko eguna
Norberaren denbora librea besteei eskaintzea, behar dutenei laguntzea, trukean ezer espero gabe norberaren esku dagoen hori guztia ematea. Horixe da, besteak beste, boluntario izatea. Egungo gizartearen erritmoak, estresak, indibidualismoak, norberekoikeriak… ordea, muga ugari jartzen dizkio boluntario izateko nahiari.
Bakoitza berean aritu behar horri buelta eman, eta besteekin eta besteei laguntzeko nahiari heltzeko kemena dutenek, baina, bestelako dohaiak dituzte. Hala erakusten dute askok urtero urtero Beasainen egiten duten Boluntario Astean eta Boluntario Egunean. Hitzaldiak, erakusketak, eta informazio kanpainak egin dituzte aste honetan zehar Beasainen, eta bihar, Boluntario Eguna egingo dute.
Herriko edo Beasainekin lotura duten 27 elkartuko dira Gernika pasealekuan. Bakoitzak egiten duen lanaren berri emango dio interesa agertzen duen edonori, eta lan horren truke boluntario gehiago biltzea izango da jasoko duten saria. Informazioa emateaz gain, hainbat elkartek euren produktuak ere salduko dituzte.
Adin, gizarteko sektore, asmo, helburu, eta jende ezberdinarengana zuzendutako elkarteak elkartuko dira bihar Beasainen. Boluntario Eguna antolatzen duten 13. aldia izango da, eta urtez urte, helburuak gero eta finkatuago dituztela adierazi du Silvia Gomezek, Beasaingo Udaleko ongizate teknikariak. Izan ere, 2001etik gaur egunera ia bikoiztu egin da Boluntario Egunean elkartzen den elkarte kopurua.
«2001ean Gipuzkoa mailako Boluntario Eguna Beasainen antolatu zuen aldundiak, eta ordutik ari da gorpuzten urtez urte egitasmo hau herrian». Aldundiak hasitako bidea, Beasaingo Udalak jarraitu zuela argitu du Gomezek. Hala, «2002an, herri mailako Boluntario Eguna antolatu zen lehen aldiz. Loinazko plazan elkartu eta elkarte bakoitzak informazioa banatu zuen herritarren artean». Hurrengo urtean, ezaugarri berdinekin errepikatu zuten eguna, orduan ere plazan.
2004an, ordea, Gernika pasealekura eraman zituzten informazio postuak, eta ordutik, bertan egiten da urtero. «Bizpahiru urtez Beasaingo elkarteek bakarrik parte hartu zuten, baina 2006an Beasainekin lotura zuten Gipuzkoa mailako gobernuz kanpoko erakundeak ere Boluntario Egunean izan ziren».
Izan ere, Beasaingo Udalak erakunde horiei babesa eman izan die urtez urte, eta horregatik erabaki zuten Boluntario Egunera gonbidatzea.
Egunetik asterako saltoa
Egun bakarrerako ekintza asko antolatzen zituztela eta, ordura arteko bidean saltoa ematea erabaki zuten, eta Boluntario Eguna antolatzeaz gain, Boluntario Astea antolatzen hasi ziren 2008an. Ordutik, urtero egin dute, atsedenik gabe.
Kalera irten eta informazio soila eman ordez, elkarte bakoitzak egiten duen lana ekintzen bidez ere adirazten hasi ziren orduan. Hala, herrialde ezberdinetako errealitateak adierazten dituzten argazki erakusketak, herrialde ezberdinetako kulturen adierazgarri diren dantzak, kantak, produktuak… erakutsi dituzte, tonbola solidarioak antolatu dituzte, eta informazio kanpainak egin dituzte.
Azken urteetan, gainera, Besaingo Udalaren laguntza jaso duten gazte laguntzaileen topaketa ere egiten dute. Udalaren laguntzari esker herrialde ezberdinetan uda igaro duten gazteek, beraien esperientzia kontatzen dute gainerako herritarren aurrean. Aurtengoari dagokion aurkezpena, gaur izango da, Beasaingo udaletxeko batzar aretoan, 18:30ean hasita. Haurralde Fundazioaren bidez Indian lankidetzan aritu diren gazteek hartuko dute hitza gaurko aurkezpenean.
Txolarteri omenaldia
Besteengan arreta jartzen aritzen diren boluntario guztiek, baina, ez dute Boluntario Egunean bakarrik egiten esfortzu hori. Asko dira egunez egun, asteaz aste, norberaren denbora, gogoa, maitasuna, eta laguntasuna besteen eskura jartzen dutenak. Trukean ezer jasotzeko asmorik gabe. Horregatik, urtero urtero, Beasaingo Boluntario Egunean herriko elkarte bat omentzen dute.
Aurten, Atzegi elkarteko Beasaingo Txolarteak jasoko du herritarren eta gainerako boluntarioen aitortza. Adimen urritasuna duten 16 urtetik gorako pertsonentzako aisialdirako taldeak dira Txolarteak, eta Goierri beheko kideak Beasaingoan elkartzen dira.
Bihar, Beasaingo Boluntario Eguna izango da euren asia tarteari hasiera emango dion ekintza, Gernika pasealekuan egongo baitira boluntario eta erabiltzaile ugari. Udal ordezkarien eskutik jasoko dute oroigarria, baina Txolarteko erabiltzaileek ematen duten maitasuna gainerako guztiek jasoko dute, beste behin.
Ekitaldi horrez gain, goizean goiz hasita denetariko ekintzak antolatu dituzte biharko Beasainen. Umeentzako jolasak eta tailerrak egingo dituzte 10:00etan hasita, bidezko merkataritzako produktuak erosteko aukera egongo da, musika eskolako trikitilariek emanaldia egingo dute, elkarteen arteko patata tortilla lehiaketa egingo dute eguerdian eta Gurea abesbatzaren emanaldia ere egongo da.
Ekitaldi guztiak Gernika pasealekuan eta pilotalekuan izango dira, 10:00etan hasi eta 13:30ak ingurura arte. Gaur gazte laguntzaileen hitzaldia dago udaletxean, 18:30ean hasita.