EAJk auzoetara eramango du Ordizia Elkarrekin egitasmoa
Urritik abendura bitartean Ordiziako bizilagunen beharrak eta kezakak jasotzeko hainbat jardunaldi egingo ditu Ordiziako EAJk. Ordizia Elkarrekin egitasmoaren baitan, “ordiziarrei benetan axola zaien arazoak entzun eta partekatu” nahi dituzte.
EAJren alkategai Jose Migel Santamariak eman zuen aurrera begira dituzten asmoen berri pentsaurrean asteazkenean: “Gure lehentasuna pertsonak dira eta, horregatik, pertsonen partaidetzan sinesten dugu, hori delako bide egokiena udal proiektuak eremu guztietan definitzeko”. Hala, udal politika “kalean” egitearen beharra nabarmendu zuen alkategaiak.
Lau ardatz nagusi aurreikusi dituzte. Lehenbizikoa hirigintza, mugikortasuna eta ingurumenarena izango da eta Jose Inazio Iturrioz izango du buru. Bigarren ardatza sustapen ekonomikoarena izango da, Bittor Bolinagaren ardurapean. Hezkuntza, euskara, kultura, aisialdia eta kiroletaz arduratuko da Miren Iturrioz; eta berdintasunaren, gazteriaren eta gizarte zerbitzuen laugarren ardatza Judith Otegik gidatuko du.
Auzo bakoitzera gerturatu eta bertan bilerak egingo dituzte “ahalik eta auzokide gehienekin Ordiziaz duten ikuspegia jasotzeko”.
Orain arte egin duten lanketaren ondorioz, hiru topaketa-eztabaida antolatu dituztela aurreratu zuen Santamariak “bizilagunek beraiek aurkeztutako hainbat gaien inguruan”. Zertaz bizi gaur eta hemen? gogoeta eskainiko du Pako Garmendia soziologoak; drogen gainean arituko da Gizakia Helburu erakundeko kide bat; eta heziketa munduari nahiz baloreei ere egingo diete keinua Iñaki Guerrero psikologoaren eskutik.