Errauste planta eta Gipuzkoako eredua aurrez aurre jarriko dituzte Ordizian
Mallorkako errauste plantaren esperientzia eta Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko gaur egungo eredu alternatiboa alderatuko dituzte Ordizian hilaren 9an egingo den hitzaldian. Alkartasuna Fundazioak antolatu du Hondakinak: Mallorkako errautsak ala Gipuzkoako eredu berria? goiburua daraman hitzaldia; 19:00etan hasiko da Barrena Kultur Etxean.
Honako hizlari hauek arituko dira saioan: Magdalena Palou Mallorkako Consellean MesperMallorca koalizioko bozeramailea eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko zuzendaria. Moderatzaile lanetan arituko da Iban Asenjo Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkidea eta Ordiziako zinegotzia.
“Errauskailuaren aldeko lobbyak” komunikabideetara iristeko eta bere iritziak gizarteratzeko “gaitasun handia” izan duela ulertuta, ezkutuan geratzen omen diren beste ikuspegi batzuk azaleratu nahi dituzte.












