
Munduko kultura ezberdinetako artisautza, gastronomia edo dantza nahiz musiken topaleku bihurtu da gaur Legazpi, Oripavi elkarteak hirugarren urtez antolatu duen Kultu Arteko Egunarekin. Legazpin 33 herrialde ezberdinetako jendea bizi da, eta herrialde eta kultura horien erakustoki izan nahi du gaurko azokak.
Hala, besteak beste, Senegal, Maroko, Nikaragua edota Brasilgo janari eta edariak dastatzeko aukera izango da plazan. Horrekin batera, Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat herrialdetako artisau produktuak ere aurki daitezke. Baina plazako postuen eskaintza osatzeko, bestelako ekitaldiak ere izango dira: umeentzako jolas komunikatiboak eta Giami Rienzi antropologoaren komunikazioari buruzko tailerra egin dituzte goizean. 14:30ean, berriz, bazkaria izango da.
Kultur adierazpenei dagokionean, 13:30ean, Sustraia dantza taldeak ikuskizuna egingo du. Arratsaldean, 17:00etatik 18:00etara bitartean, txalaparta tailerra egingo dute, Sutan Ttakun taldeak gidatuta. Segidan, Harresian Zulo talde gasteiztarrak kontzertua eskainiko du. Talde hau, jatorri ezberdinetako musikariek osatzen dute, eta munduko musikak eta erritmoak uztartzen dituzte beraien doinuetan. Eguna bukatzeko, Brigada Improductiva Iruñeko ska taldearen kontzertua izango da, 20:30ean.