
Beasainekin harreman zuzena duten 27 elkarte bildu ditu Boluntario Egunak aurten. Ekitaldi honen asmoa, elkarte hauek urtean zehar egiten duen lan ixila kalera atera eta herritarrei ezagutaraztea da. Elkarte bakoitzak, haien lanaren eta helburuen inguruko informazioa ematen du, Gernika pasealekuan jarritako postuetan. Baina horrez gain, mahai askotan pintxoak, bidezko merkataritzako produktuak edota zenbait elkartetako kideek egindako eskulanak edo artisautza produktuak ere badaude.
Gaur Beasainen bildu diren elkarteen artean, arlo askotakoak daude; besteak beste: osasun arlokoak (Minbiziaren aurkako emakumeak, Gipuzkoako Odol Emaile elkartea, Goierriko Gurutze Gorria…), nazioarteko elkartasun proiektuak (Herriak elkarlanean, Mundubat, Taipadak, AMS…), herriko elkarteak (Aranealde, Nagusi Lan, Asmube…) edo bestelako gizarte arazoetan jarduten dutenak (Alkoholiko Anonimoak, Bakerako Lankidetza Batzarra…).