Arkumearen garaiko lehen arrastoak
Dagoeneko neguko lanei ekiteko prestatzen hasiak dira artzainak; eguraldi epela lagun, oraindik gehienak goiko larretan baldin badira ere, laster martxa aldatu eta arkume jaiotzak zaintzetik gazta egiterainoko lanei aurre egin beharko diete. Lehen seinalea atzo ikusi genuen Ordizian, aurreneko arkumeak salgai baitziren; azkenak, maiatzaren bukaeran saldu ziren. Atzo arkume bakarra saldu zen, kiloko 5 euroko proportzioan.
Plazara sartuz bat, deigarria egiten zen Lasaren postuan zegoen onddo kopurua ere: 500 kilo, «Espainian ia nonahi eta Euskal Herrian ia bat ere ez» aipatzen zigun Mikelek. Zamoratik eta Galiziatik ekarritakoak, inoiz baino merkeago zituen salgai: puskaka 5 euroan kiloa eta onenak 18 euroan. Handik gertu, Altzagako Etxeberri Goikoen salmahaian, bertako 8 kilo onddo zituzten, 22 euroan kiloa. Gainerakoan gorringoa, mendiko angula, saltsa perretxiku beltza, ziza horia eta esnegorriak ere aukeran ziren.
Lore zaleentzat garai berezia
Lore salmentari dagokionean, «feria saltoka» joaten dela aipatu zigun Maria Dolores Mendizabalek. Hau garai lasaia dela esan liteke; izan ere, udakoak nahikoa ondo daude oraindik eta negukoak erosteko agurotxo da. Aldiz, Santu Guztien eguna hurbiltzearekin, 5 bat eguneko eten gabeko lana izaten dute, eta ondoren, Gabonetan beste kolpetxo bat.
Une honetako eskaintzari dagokionean, aukeran dira aleliak (2€), ziklamen txiki eta handiak (3,50 – 5,50 €), azaleak (5 – 7 €), pentsamenduak eta biolak (1€), kukuprakak (1€) edota bellis margaritak (1€), besteak beste.
Salmentaz haratago
Funtzio sozial ugari betetzen ditu feriak astero; horietako bat da Goienetxe Fundaziokoek egiten dutena. Udako oporraldiaren ondoren, berriz ere hasi dira azokara etortzen, hileroko bigarren asteazkenean. Herriak Elkarlanean GKErekin harremanetan, haien produktuak saltzen aritzen dira Rosario, Naiara, Manoli eta beste hainbat lagun, Ainhoa eta Borja zaintzaileen ardurapean.
Legorretako Ugaro Herri Ikastetxekoak ere goiz pasa etorri ziren atzo feriara, 3, 4, eta 5 urteko 50 bat ume, zer ikusi hura ikasi.
- Aste honetako prezioak.