Hitzaldi sorta prestatu dute Ordizian aniztasunean oinarritutako bizikidetza lantzeko abiapuntu gisa
ZurrumurruEz! Sarean. SOS Arrazakeriak bultzatutako egitasmoa da eta beste herrialdeetatik etorritako pertsonen aurkako zurrumurruak geldiaraztea eta aniztasunaren onarpena bultzatzea dute xede. Elkarbizitza horren aldeko apustuari babesa erakutsiz prentsaurrera atera dira gaur goizean Ordiziako Udalean ordezkaritza duten hiru alderdietako kideak: Igor Eguren eta Belen Maiza EH Bilduko alkatea eta zinegotzia; EAJko zinegotzi Jose Miguel Santamaria; eta PSEko, Iñaki Dubreuil.
Euskal Immigrazioaren Behatokiak, Ikuspegik, immigrazio eta aniztasunari buruzko jarrera eta iritziak neurtzen ditu. Gaur egun, Egurenek aurreratu duenez, Ordiziako herritarren %13 Europako eta Europatik kanpoko 47 herrialdeetan jaioak dira; horietatik %44 emakumeak. Ikuspegik jasotako datuen arabera, gure gizartearen %20k immigrazio eta aniztasunaren aurkako jarrera nabarmenak ditu; beste %30 bestalde, beste muturrean kokatzen da, aldekoak dira. Eta gainontzekoak, biztanleriaren erdiak, jarrera kontrajarriak ditu, batzuetan alde eta besteetan aurka. Datu horiek “interesgarriak ez ezik aintzat hartu beharrekoak” direla uste du Egurenek, “elkarbizitzaren alde lan egiteko esparrua dagoela adierazten dutelako”.
Ainara Ormaetxea migrazio eta aniztasun teknikariak azaldutakoaren arabera erakude publikoa diren aldetik aniztasunari errespetuan eraikitako bizikidetza ereduaren aldeko neurri eta egitasmoak sustatuko dituzte. Hala, urrian zehar Ordizian garatuko den hitzaldi eta solasaldi sorta aurkeztu du Ormaetxeak.
EGITARAUA
Joan den udaberrian sartu zen Ordizia
- Urriak 16, osteguna. Hegoaldeko mugak oihuka ari zaizkigu hitzaldia 18:30ean Barrena Kultur Etxean. Gabriel Delgado Cadiz eta Ceutako Migrazio Pastoraleko kidea eta Esteban Velasquez, Tanger eta Nadorreko Migrazio Pastoralekoa arituko dira.
- Urriak 23, osteguna. Zurrumurruen kudeaketarako estrategia komunikatibo eta emozionalak 18:00etan Barrena Kultur Etxean. Rafa Crespo Ubero, Bartzelonako Xarxa Antirumos taldeko kidea.
- Urriak 30, osteguna. Kulturak eta identitateak. Aurreiritziak, estereotipoak eta zurrumurruak 18:00etan Barrena Kultur Etxean. Xabier Aierdik gidatuko du saioa, Begirune inmigrazioari buruzko ikerketa laborategiako kideak.
- Azaroak 6, osteguna. Kapitalismoa eta immigrazioa: begirada sozio-ekonomikoa 18:30ean Barrena Kultur Etxean. Miren Etxezarreta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ekonomia aplikatuan katedradun emeritua arituko da.