Idiazabalgo Ampok ate irekien eguna ospatuko du bihar langileen familiekin
Lantegiaren 50. urteurrena langileen familiekin ospatzeko helburuarekin egingo du ate irekien eguna Ampok bihar, larunbata. Ane Bergaretxe komunikazio arduradunaren esanetan, 900 lagundik gora elkartuko dira. «Urteurrena aitzakiatzat hartuta, familiakoek lantegia ezagutzea eta egun batez entretenitzea da helburua».
Ekitaldi nagusia 14:00etan izango da. Ampoko urteurreneko bideoklipa aurkeztuko dute bertan. Langileen artean idatzi eta grabatu dute abestia. Bideoan berriz, lantegiaren sortzaileak, langileen seme alabak eta abar ageri dira, eta Ampon bertan dago grabatuta.
Marrazki lehiaketako sariak ere banatuko dituzte ekitaldi nagusian. Ampoko langileen seme alabek parte hartu dute lehiaketa horretan, eta gurasoak lanean marraztu dituzte, haiek irudikatzen dituzten moduan.
Ekitaldi nagusiaren ondoren bazkalduko dute, 14:30ean. Arratsaldean, berriz, disko jaia izango da Ohian Vegarekin, eta Potxin eta Patxin pailazoek ere emanaldia eskainiko dute.
Horrez gain, hainbat ekintza antolatu dituzte egun osorako, heldu eta haurrentzat, denek gozatzeko:
Galdategi eta balbuletara bisita gidatuak: 09:30etik 14:00etara.
Txiki eta gazte txokoak. 11:30etik 20:00etara. Puzgarriak, ginkanak, porteria puzgarria, eskulanen txokoa, ludoteka, futbolin puzgarria…
Ampoko txirrindularirik azkarrenaren lehia. 13:00etatik 14:00etara. Ampoko langileek hartuko dute parte, 10-15 minutuko tarteetan. Rodillo gainean arituko dira, bakoitza bere bizikletarekin.
Usoen inguruko hitzaldia. 13:00etan. Ehizean eta biologian aditua den ordiziar baten eskutik.