Kantari hasiko dute Udazken Kulturala Beasainen, asteburuan
Azken urteetan bezala, aurten ere udazkena kultur ekitaldiz beteta etorri da Beasaina, Udazken Kulturalarekin. Aurten, bi hilabete iraungo ditu kulturaren Beasaingo aroak, eta Garbiñe Zurutuza euskara eta kultur teknikariak azaldu duenez, diziplina ezberdinen aukera egon dadin eta adiin desberdinei egokitutako ekintzak egon daitezen kontuan izan dute, egitaraua osatzerakoan.
Udazken Kulturaleko egitarauak esku-orri berezia izan ohi zuen orain artean, baina orain, hileroko agendaren barruan sartu dituzte ekintzak.
Larunbat honetan, Txilibutxof taldekoek II. Gurpil Festa ospatuko dute, 18:00etatik aurrera Arana kalean. Ekintza honek «iaz eduki zuen arrakasta ikusirik» aurten ere errepikatzea erabaki dute Txilibutxofekoek, Garmendiaren esanetan. 17:30ean hasiko da izen ematea eta adinka taldetan banatuko dituzte. Txikienek plastikozko motorren lasterketak egingo dituzte, 4-5 urtekoek lau gurpildun txirrinduak erabiliko dituzte eta 6-12 urtekoek patineteak erabiliko dituzte.
Norbarak bere gurpildun gailua eraman beharko du eta elkarri gailuak uzteko deia ere egin zuten Txilibutxofekoek, asteazkeneko agerraldian.
Larunbatean Beasaingo kaleak gurpildun gailuz beteko diren bezala, igandean kantuzalek beteko dira.Goierriko kantuzaleen lehen topaketa egingo dute igandean, Goierri Kantuz egunean. Bertan bilduko dira, besteak beste, Beasain, Lazkao, Zerain, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zaldibia, Zegama eta baita Tolosako kantuzaleak ere. Beasaingo Kantujira taldeko Carmelo Ezeizak prentsaurrekoan azaldu zuenez, «euskaraz kantatzeko, abesti zaharrak gogoratzeko eta berriak ere abesteko» eguna izango da. 11:00etan elkartuko dira kantuzale guztiak Igartzan. Han, hamaiketako, bertsolariak eta dantzariak izango dituzte gozagarri. Hangoak amaitutakoan kalez-kae ibiliko dira kantuan. 14:30ean bazkaria izango dute Gernika pasealekuko frontoi estalian eta 17:00etan kantu jaialdia egingo dute leku berean.
Atzoko prentsaurrekoan urrian eta azaroan zehar egongo diren beste ekintza batzuen berri ere eman zuten. Guztiak ikusgai daude etxeetara eta kalean banatzen dituzteneskuorrietan edo beasain.org webgunean.