Legazpiko D-pintxos taldeak bigarren diskoa aurkeztuko du etzi gaztetxean
D-pintxos taldeak bigarren diskoa aurkeztuko du ostiralean. Legazpiarrei eman diete hitza (abesti bakoitzean herritar batek bere istorioa kontatu du) eta diskoari Ahotsak izena jarri diote. Kontzertua 22:30ean izango da, gaztetxean. Lehenengo Hondarribiko (Gipuzkoa) Luz de Putas ska-punk-rock taldeak joko du eta ondoren D-pintxosek. Sarrerak 2 euro balio du eta diskoak 7 euro. Diskoa erosten duenak sarrera doan izango du.
D-pintxos taldea Asier Mediavilla (tronboia), Joseba Larrea (gitarra), Jokin Zabala (saxofoia), Joseba Gurrutxaga (ahotsa), Mikele Gurrutxaga (tronpeta), Oier Gabiria (baxua), Beñat Galfarsoro (bateria) eta Iker Azpeitiak (gitarra) osatzen dute.
2009ako otsailean sortu zuten D-Pintxos, Iker Otegik eta Azpeitiak. 80ko hamarkadako euskal punk-rock taldeen abestiak jo nahi zituzten haize-metalezko instrumentuekin eta, horretarako, herriko beste musikari batzuekin harremanetan jarri ziren. Piperrak, EH Sukarra, Betagarri, Negu Gorriak, Kortatu eta MCD taldeen abestiak jotzen zituzten, besteak beste.
Lehen diskoa 2012an grabatu zuten eta gaztetxeetan aurkeztu. Bigarren diskoa «indartsuagoa eta gitarreroagoa» dela diote. Mutrikuko Ame estudioan grabatu dute, Axular Arizmendi teknikariarekin, eta Doctor Masterren masterizatu dute. Sei hilabete eman zituzten abestiak prestatzen eta esan dutenez gustura gelditu dira azken emaitzarekin. Abestien hitzei dagokienez, azpimarratzekoa da legazpiarren istorioak kontatzen dituztela. «Kontatzeko zerbait duten legazpiarrei, euren istorioa kontatzeko eskatu diegu. Euren testuak Ibon Sotilek moldatu ditu», azaldu dute taldeko kideek.
Joseba Barandiaran ekonomialariak, Kepa Solana preso ohiak, Ane Santesteban kazetariak, Asier Iriondo eta Nerea Elustondo bertsolariek, Eva Aztiria irakasleak eta Txetxu Altolagirre gidoilariak parte hartu dute, besteak beste. Baita El método Arrieta dokumentaleko Mentxu Arrietak ere. Arrieta ez da legazpiarra, baina dokumentala zuzendu zuen Jorge Gil bai.
Azkeneko abestian taldearen eta diskoaren jatorria azaldu dituzte. Gainera, diskoan protagonista guztien argazkiak ikus daitezke. Hitzak idatzi dituzten lagunak ez dira parte hartu duten bakarrak. Xabi Arakama trikitilari zegamarrak, Alex Areizaga dultzainero zumarragarrak eta Ane Arrieta pandero-jotzaile segurarrak ere parte hartu dute. Diseinua Mattin Osinaldek egin du, bideoklipa Egoitz Legorburuk grabatu du eta argazkiak Juanjo Garciak egin ditu.
Gainera, diskoan Legazpiko Gure Esku Dago taldearentzat egindako abestia ere sartu dute. Kontzertura diskoan parte hartu duten guztiak gonbidatu dituzte.
Ezagutzera emateko ordua
Orain, diskoa ezagutzera emateko ordua da, eta aurkezpen kontzertua arrakastatsua izatea espero dute. «Lehen diskoak harrera ona izan zuen eta ia urtebete daramagu jada kontzerturik eman gabe. Jaioterrian bertan arrakasta izatea zaila dela esaten dute, baina guri kontrakoa gertatzen zaigu: lehen diskoko abesti batekin euskararen aldeko lipdub bat egin zuten eta herriko haur guztiek ikasi zuten abestia. Haurren bati diskoa sinatzea ere tokatu zaigu».
Durangoko Azokan
Legazpitik kanpo ere joko dute: hilaren 31n Legorretan eta azaroak 29an Donostiako Larratxo kultur etxean. Diskoa Durangoko Azokan aurkeztuko dute. «Ez da erraza kontzertuak lortzea, atzean ez baitugu diskoetxe bat. Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkiegu laguntzen diguten guztiei eta jakin Facebook, Twitter eta Spotify-en gaudela eta gure web orria dpintxostaldea.com dela».