Idi demen munduan daraman urtebetean, gaurik mingotsena urriaren 7koa izan zuen Roman Elosegi itzain zaldibiarrak. Andraka auzoko (Lemoiz, Bizkaia) proban irregulartasunak egon zirela salatu du, eta epaileak polemikoki hartutako erabaki batek hautsak harrotu ditu. Dema irabazteko bidean zela, bat-batean idiak gerarazi eta proba baliorik gabe utzi zioten.
Elosegiren idi parea 22. minutuan ari zen lanean, eta 50 plaza osatuta zituen. Marka handiena 65,5 plazan zegoen; falta ziren zortzi minutuetan aise harrapatuko zukeen. «Idiek kaka asko egiten zutela eta, aitzakia horrekin gerarazi gintuzten. Zerbait hartuta zeudela aditzera ematen zuen epaileak, kaka egiteko. Analizatzeko esan genion, frogatzeko. Bizkaiko federazioko albaitaria han zen, eta alde egin zuen. Gauean hiru aldiz hots egin genion, baina ez zen etorri», dio Elosegik.

Roman Elosegi idi pare ospetsuarekin, Larraizko erakustaldi batean./Aimar Maiz
Ximaurra gehiago eginarazi, horrela plaza zikindu, eta harria labainago erabiltzeko asmoa leporatu zion epaileak. Hatzarekin ximaur pixkat hartu, ukitu eta bastoia altxatuta gelditu zuen proba. Bi gorotz-biltzaile zihoazen atzetik, kazoekin.
Epailea, «presiopean»
Halako susmoak bizkarreratu zizkiotenean, Elosegik ez zuen plaza utzi harik eta albaitari bat probak hartzera joan zen arte. «Azkenean Santanderretik ekarri genuen albaitaria. Orain analisien zain gaude, gaur edo bihar aterako dira», zioen atzo. Goizeko lauretan utzi zuten probalekua.
Itzainak segurtasun osoa du analisiek ez dutela ezer legez kanpokorik emango. «Analisiak garbi aterako ez dira ba? Idi hauek ez dute ezer hartu, guk ez diegu idiei ezer ere ematen». Antza denez, idiei olio minerala ematen die zenbaitek, kaka egiteko.
Andrakako plazan bizi izandako egoerak deskribatu ditu. «Jendearen izugarrizko presioa zeukan epaileak. Mantak irabazteko zegoen bizkaitar bat, federazioko presidentea hartu tartean, eta kuadrillan bildu zen. Hesiekin plaza geroz eta gehiago ixten aritu ziren, nire idiek bueltarik ez hartzeko. Lehenengoaren marka ontzera gindoazlea ikusitakoan gelditu zuten. Izugarrizko lapurreta egin ziguten», dio Elosegik.
Idi demetan, «jende baten» jarrera salatu du. «Ezin dute jasan. Gu sekula plazan ibili gabeak, mendian jaio eta etxean hazitako idiekin gabiltza. Eta aidean darabiltzate denak!».
Artekariak kantu susmagarria
Berak ez irabazteko azpijokoa aurrez prestatuta zegoela dio Elosegik. Urriaren 3tik 7ra egunero izan ziren probak, aldiko lau idi parerekin. Elosegik azken egunean tira egin zuen. «Aspalditik ari ziren kontra. Aurretik prestatuta zegoen Andrakakoa. Bezperan, batzuk esaten aritu ziren hurrengo egunean guk ez genuela proba hori bukatuko. Aurretik dena muntatuta zegoen. Hango jendeak esan zigun hori, gertatu zena gertatuko zela, epaileak gu gelditu egingo gintuela».
Beste datu adierazgarri bat ere eman du zaldibiarrak: «Artekari batek dirua kantatu zuen guk bukatu ezetz. 10 plaza gindoazen, bost-bat minutu ziren hasi ginela, eta segituan bota zuen. Hori non kabitzen da? Artekari hark bazekien proba ez zela bukatuko».
Etsipenak jota
Araudiaren arabera, proba bertan behera utzi arren, ordura arte egindako lanak balioa badu. Elosegiri saria zegokion, 50 plazarekin. Esku hutsik utzi dute, ordea.
Pertsonalki, etsita geratu zen Elosegi Andrakakoaren ondoren, eta idi probak uzteko tentazioa ere izan du: «Aiako probak hil honen bukaeran dira, eta hangoei esan nien nire idiak ez dituela inork ikusiko gehiago. Joateko eta joateko ari dira. Etsita egon nintzen, baina lagunek-eta animatu naute, bestela jende klase horri arrazoia ematea dela eta. Orain animatuta nago berriz».
«Lehen ere esan zidaten Bizkaitik mantak ekartzea zaila dela. Baina oraindik halakorik!», deitoratu du. Laukizen irabazi zituen; Andrakan ez diote utzi.

Roman Elosegi./Aimar Maiz
Elosegik 20.000 euroko desafioa bota du, zortzi eguneko karparekin
Lemoizkoa gertatu eta biharamunean, desafio handia bota zuen Roman Elosegik, Arrate Irratiaren bidez. Alde bakoitzak 20.000 euro jarrita eta ateak itxita jokatuko da idi dema. «Ateak itxita jokatuko dugu, kaka egiten ez badituzte ikusi nahi».
Azkoitiko Isidro erretegian gaur egongo da Elosegi zain, 20:00etatik 22:00etara.
Diru kopuruaz gain, ezohiko beste baldintza bat ere jarri du: idiak zortzi eguneko karparekin egotea aurretik. Normalean egun bat edukitzen dituzte probatu behar duten idiak, zaintzape neutro batekin. «Nik zortzi egunekoa jarri dut, garbiagoa izateko; batek begiratuz, ezer ez dietela eman».