Kamioi musikatuak esnatu du Ordiziarrockeko larunbata
http://youtu.be/DcgvSc3GUmg
Ostegunetik martxan da Ordiziarrock. Atzo iluntzean Kalakanen kontzertua egon zen. Urko Ruiz de Apodaka antolatzailearen esanetan, kontzertua “espero baino jende gutxiago joan zen; 200 lagunen bueltan. Baina, sekulako ikuskizuna eman zuten”. Ikusle asko ere irudipen berarekin atera ziren: “kanta lasaiak eta dantzan jartzeko moduko abestiak; denetarik egon zen. Jendea zutituarazi eta dantzan jartzen zuten. Dibertigarria izan zen. Eserita lasiai entzuteko abestiak ere gozatu genituen”. Gorrek musika sentitzeko aukera izan zuten, interpretatzaile baten eta bukle magnetiko baten bidez, eta ikusle guztiei globo bana eman zieten. “Seme gorra duen ama batek eskerrak eman zizkigun, bere semeak lehen aldiz musika entzun ahal izan zuelako atzo” zioen Ruiz de Apodakarek, lortutakoarekin pozik. Gauean Mery May, Continuo Renacer, bullet Proff Lovers eta DJ Busbu aritu ziren frontoian.
Gaur goizean zehar Kamioi Rock izeneko kamioi bat herrian zehar ibili da, herriko puntu ezberdinetan geldituz eta kontzertuak emanez. Eguraldi epel eta eguzkitsua lagun, hainbat ikusle izan ditu kamioiak herriko puntu ezberdinetan. Iruditan dagoena Nazarenos del Norte taldea da.
18:30etan pendulo, tirolina, skyline, parapente, zine eta pailazoez gozatzeko aukera izango da plazan, eta Kombo Soyuz taldearen emanaldia ere izango da. Gauean, Disaster, Fumut, Kashbad eta Willis Drumond taldeen kontzertuak egongo dira, frontoian, 21:00etatik aurrera. Hauetan ere, gorrek musika sentitzeko aukera izango dute.