Hiru Auzoetako Korrikaldia igandean jokatuko da Ataunen
Ataungo 34. Hiru Auzoetako Korrikaldia igande goizean jokatuko da, San Martingo plazan hasi eta bukatu. Ohi bezala, udalerri ia osoa zeharkatuko du ibilbideak, San Martindik gora San Gregoriora, eta Kaxetatik Aiako plazaraino joan-etorria eginda.
Helduen korrika lasterketa 11:00etan puntuan hasiko da, udaletxe paretik. 17 kilometro pasatxoko ibilbidea izango dute, eta gehienez bi orduko denboran bukatu beharko da.
Izena egunean bertan eman ahalko da, 10:00etatik aurrera. Aurrez ere badago aukera, Interneteko bi webgunetan: udalaren ataun.net gunean, eta kirolprobak.com-en. Aurrez 10 euro balio du, egunean berean 15 euro.
Larriak korrika ateratzen direnean, haurrentzako korrikaldiak hartuko du tokia, San Martinen. Hirugarren aldiz antolatu du Korrikaldia prestatzen duen Ataungo Korrikalari Taldeak, guraso elkartearen laguntzarekin. Adinka bereizita, kaleko zirkuituan distantzia desberdinetan lehiatuko dira haurrak.
Hiru auzoetako umeak gonbidatu dituzte, «beti ere lehiakorra ez den kirola bultzatuz eta parte hartzeari garrantzia emanez». Denei hamaiketakoa eman eta sariak zozkatuko dituzte ondoren.
Hiru Auzoetako Korrikaldian, helduen probarako denera hamabi sari jarri dituzte, gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat seina. Hala, sail bakoitzean lehen hiru sailkatuak, lehenengo beteranoa (emakumeetan 40 urtetik gora, gizonetan 45etik gora), lehen ataundarra, eta lehenengo herritar beteranoa sarituko dute.
Bestetik, denbora-markak hobetzen duenarentzat 300 euro gainsaria dago. Mutiletan 56:12 da errekorra, nesketan 1:07:13.
Partaide guzientzat herriko produktu sorta ere oparituko dute. Zozketak izango dira.