Ikatza argazkilari elkartekoek erakusketa egin dute Legazpiko kultur etxean .24 bazkideren 47 argazki ikus daitezke .Gai eta estilo ezberdinetako lanak ikusi daitezke ostirala bitartean
Legazpiko Ikatza argazkilari elkarteko bazkideek erakusketa egin dute kultur etxean. 24 lagunek 47 argazki jarri dituzte, eta ostirala arte egongo dira ikusgai. Kultur etxeko aretoa 17:00etatik 20:00etara irekitzen dute. Gai eta estilo ezberdinetako argazkiak ikus daitezke.
Ikatzakoek urtero egiten dute erakusketa bat kultur etxean. Luis Mari Murua elkarteko lehendakariak aurten iazko argazki kopurua ia bikoiztu egin dutela aipatu du. «Iaz 13 lagunek parte hartu genuen».
Legazpiko argazkilari elkartea Gipuzkoako langileenetakoa izan da beti, eta etorkizunean ere hala izango dela dirudi. Izan ere, azken ikastaroan 17 lagunek parte hartu zuten eta horietako zortzik bazkide egitea eta euren lanak erakustea erabaki dute.
Dagoeneko 70 bazkide dira. «Asko ez dira dagoeneko bazkide aktiboak, baina 30 euroko kuota ordaintzen jarraitzen dute elkarteari laguntzeko».
Bazkide aktiboak asteartero elkartzen dira, kultur etxe atzeko lokalean. «Astero 15-20 lagun elkartzen gara. Ostegunetan, berriz, ikastaroak hartzen ditugu. Bestalde, hilero gai bat jartzen dugu eta ondoren gai horren inguruan ateratako argazkiak epaitzen ditugu». Horretaz guztiaz gain, urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen dituzte. «Urtarrilean Argizaiola erakusketa egiten dugu (Euskal Herriko lehiaketetan saritutako lanekin), otsailean eta martxoan hastapen ikastaroak egiten ditugu eta apirilean Legazpi Hiria lehiaketa antolatzen dugu».Aurten, 500 lagun baino gehiagok parte hartu dute.
Uztailean, berriz, emanaldiak egiten dituzte, eta irailean Artzain Eguneko argazki rallya antolatzen dute; urte bukaeran emanaldi bat egiten dute. «Uztailean gaiak zehazten ditugu eta abendukoa librea izaten da».