Gaintzako Udalak badu aurtengo aurrekontua
Urtea ia azkeneko hiruhilekoan sartzera zihoala onartu du Gaintzako Udalak 2014ko udal aurrekontua. Irailaren 24ko batzarrean eman zion oniritzia urte honetako diru txostenari. Izan ere, udaletxe berria eraiki eta hornitu artean itxaron nahi izan zuen udalak. Orain, azken urteetako obra handienaren diru kontuak itxita direla, behin betiko aurrekontuak baditu.
Guztira 295.220,94 euro ditu aurrekontuak. Udal langileen pertsonal gastuek eta ohiko zerbitzuen nahiz ondareen erosketek sailak dira dirutsuenak, beti bezala. Inbertsioen atalerako, bi lan finantzatu ditu aurten udalak: Zaldibiatik Gaintzara doan auzo bidea —Dendaletxeko aldapa— asfaltatzea, eta duela bi urteko euri jasen ondorioz etorri zen luizi baten kalteak konpontzea. Eginda daude bi lan horiek.