Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak eta Marina Bidasoro Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendariak harrera egin diete gaur gaixo dauden presoen senitartekoei. Ekitaldian izan dira
Inma Berriozabal preso zegamarraren ahizpak eta senarra. Gari Arruarte hernaniarraren, Aitzol Gogorza errenteriarraren eta Ibon Fernandez Iradi lasartearraren senirtatekoak ere bertan izan dira.
Garitanok adierazi du “ezinbestekoa” iruditzen zaiola euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko espetxe neurriak indarrik gabe uztea. “Instituzio garen heinean, gaixorik dauden presoak berehala libre uzteko eskatzen dugu”.
Frantziako eta Espainiako gobernuek Europako Giza Eskubideen Auzitegiak araututako eskubideak urratzen dituztela salatu du Garitanok. “Urraketa horiek sufrimendu handia eragiten dute Gipuzkoako eta Euskal Herriko gizartean. Eta sufrimendu hori buka dadin, (…) sakabanaketa politikari amaiera ematea, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia betetzea eta, beraz, zigorra bete duten presoak aske uztea eskatzen diegu”.
Berriozabalen egoera. A Lamako (Galizia) espetxean dago Berriozabal, eta hainbat gaixotasun kroniko ditu. Besteak beste, diabetesa, B hepatitisa eta hipertentsioa ditu.