Postuak, txerri erakusketa, haurrentzako tailerrak eta herri bazkaria izango dira, besteak beste
Zazpigarren urtez antolatu du Mutiloako Udalak Txerri Azoka, mutiloarrei txerriak deitzen dietela aitzakiatzat hartuta. 10:00etan irekiko dituzte azokako postuak, trikiti giroan, eta goiz osoan egongo dira ikusgai. Txerrikiak, gazta, barazkiak eta beste hainbat produktu salduko dituzte postuetan.
Horrez gain, txerri erakusketa egongo da, eta txorizoa eta odolkia egingo dituzte azokan bertan. Txerria ere erreko dute, ondoren pintxotan banatzeko. Hainbat erakustaldi ere izango dira: urdaiazpikoa nola mozten duten erakutsiko dute, baita odolkiak nola egiten diren ere. Bestalde, haurrentzako tailerrak ere antolatu dituzte. Astoan ibiltzeko aukera izango dute, eta pastak egiten ere irakatsiko diete.
Herri bazkariarekin amaituko dute eguna, 14:30ean. Indaba jana egingo dute. Tikeak salgai daude dagoeneko, 15 euroan, ostatuan eta udaletxean.
Egitaraua:
10:00etatik aurrera: postuak, txerria erretzea, txerri erakusketa, odolki eta txorizo dastaketa, urdaiazpiko mozte erakusketa eta haurrentzako tailerrak.
12:00. Odolkiak egiteko erakustaldia eta erretako txerriaren dastaketa.
14:30. Herri bazkaria, frontoian.