Zegamako lehen cava festan 600 botila inguru saldu dituzte
Lehenengo urtez antolatu dute Zegaman Cava Festa, eta oraindik elkarteekin hitz egin ez badute ere, udalak balorazio positiboa egin du. «Ideia berria zen, eta uste dut herritarrei gustatu zaiela», adierazi du Joseba Izagirre zinegotziak. Horren erakusle, Cava Festan izan den jende kopurua. Ez dute kontaketa zehatzik egin, baina saldutako kopa kopuruaren arabera, bi egunetan 1.000 lagun inguru izan direla kalkulatzen du Izagirrek.
Ostiralean eta larunbatean izan zen Zegaman Cava Festa, eta Kataluiniako Sant Sadurni herriko zortzi cava dastatzeko aukera izan zen. Bi gamatako cavak ekarri zituzten antolatzaileek, garestiagoak eta merkeagoak. Izagirreren hitzetan, espero baino gama altuko botila gehiago saldu zituzten. Llopart eta Agusti Torello izan ziren gehien saldutako cavak.
Cava Festan bertan, 500 botilatik gora kontsumitu dira. Cava batzuk gastatu ere egin ziren, eta jendeak eskatuta, beste 90 botila ekartzekotan dira. Dena den, edan bakarrik ez, jende askok afaldu ere egin zuen pilotalekuan. Oilasko erdia, bi txorizo mutur eta bi saltxitxa mutur ateratzen zituzten afaltzeko, eta bi egunetan 180 afari inguru eman zituzten.
Sant Sadurniko Xabier Roch cava aditua ere izan zen Zegaman, cava dastaketak egiten. «Gogotsu eman zituen azalpenak, eta bertaratutako jendeak ere oso gustora entzun zituen», adierazi du Izagirrek. Sadurni Oliver cava etxeko ekoizleak, berriz, erakustaldia egin zuen cavari hartzitze prozesuan hondarra nola kentzen dioten erakutsiz.
Errepikatzeko gogoz
Datozen egunetan Cava Festaren antolaketan murgilduta egon diren elkarteekin batuko da Zegamako Udala, denen artean balorazio bat egiteko. Oraingoz, ordea, festak utzitako sentsazioa ona dela uste du Izagirrek, eta datozen urteetan ere Cava Festa errepikatuko dutenaren susmoa du.