Ataungo Herri Antzokian '8 apellidos vascos' filmak irekiko du denboraldia
Udako etenaldiaren ondoren, bihar (ostirala) hasiko da atzera Ataungo Herri Antzokia asteburu oroko film emanaldiekin. Ohi bezala, larrientzat eta haurrentzat film bana ekarriko ditu, aldiko. Emanaldien egunak ere lehengo berak izango dira: ostirala (22:00etan), igandea (19:30) eta astelehena (21:00) helduen emankizunerako; eta igandea (16:30) umeenerako.
Denboraldiaren estreinaldirako, 8 apellidos vascos arrakastatsua ikusi ahalko da. Haurrentzat, Lego filma emango dute, igandean.
Berritasun bezala, Herri Antzokiak hilabete osoko plangintza egingo eta aurkeztuko du, hilaren hasieran. Azaroan geratzen denerako, adibidez, hurrengo bi astebukaeretarako karteldegia aurreratu dute: La jaula de oro (azaroak 21, 22 eta 23rako), eta Arrakala (azaroak 28, 30 eta abenduak 1). Azken emanaldi hori Biboletak emakume taldeak proposatutakoa da.
Bestetik, zinemaz gain, beste bi ekitaldi ere iragarri ditu Herri Antzokiak. Ataungo X. Argazki Rallyaren sari banaketa eta lanen proiekzioa azaroaren 22an izango da, larunbatarekin, 12:00etan.
Azaroaren azkeneko astean (24tik 30era), Murkondo kultur elkarteak Ataungo historiari buruzko erakusketa jarriko du, kartel, dokumentu eta argazkien bidez.