Itsasondon talo ikastaroak antolatu dituzte, azaroaren bukaerako festari begira
Itsasondon azaroaren 29an, larunbatarekin, talo festa ospatuko dute, ohitura duten bezala. Aurretik, ikastaroak antolatu ditu udalak, heldu, haur nahiz familientzat.
Bi ikastaro dira. Bat, orokorra, bi saiotan banatuko dute: bihar (azaroak 14) eta hurrengo ostiralean (azaroak 21). Bizi-Nahi jubilatu elkartean izango da, 19:00etan. Bakoitzak 5 euro ordaindu behar du (11-17 urte arteko gaztetxoek 3 euro). Izena Kaxintane tabernan, Lurdes janari-dendan edo udaletxean eman behar da.
Bestetik, haurrentzat eta familientzat ere bada aukera. Azaroaren 20an, osteguna, jubilatu elkartean izango da ikastaro berezi hori, 17:00etan. Izena emateko azkeneko eguna bihar (azaroak 14, ostirala) da. Orria bete, eta udaletxean edo liburutegian utzi behar da, buzoian.
Azaroaren 29an, festa giroan jango dituzte itsasondoarrek taloak. Iluntzean izango da festa. Trikitia joko dute. Argazki erakusketa ere atonduko dute.