Azken bileran 50 legazpiar baino gehiagok parte hartu zuen .Egungo taxi geralekutik Txokora, kalea oinezkoentzat izango da eta taxi geralekua Xarpot ondora eramango dute
Legazpiko Udalak Kale Nagusia oinezkoentzat egokitu behar du eta, horretarako, parte hartze prozesua abian jarri du. Gustura ageri da orain arte lortutako emaitzarekin, bileretan herritar askok parte hartu baitute eta adostasuna nagusitu izan baita.
Bilera horien helburua Kale Nagusia guztien artean diseinatzea da. Azken topaketan adin eta lanbide ezberdinetako herritarrek parte hartu zuten: merkatariak, Agenda 21eko bilera guztietara joateko ohitura duten herritarrak, hiru ikastetxeetako ordezkariak eta udal ordezkariak.
Bileran, lehen topaketen ondoren udalak hartu dituen erabakiak aurkeztu zituzten eta hainbat elementu definitu zituzten. Orain, udala diseinuaren bozeto ezberdinak egiten ari da. Proposamen hauek hurrengo bileran aurkeztuko dituzte. Abenduaren 4an egingo dute, 18:30ean, udaletxeko areto nagusian.
Lehen bileretan herritarrek aurkeztu dituzten proposamenak aztertu ondoren, Legazpiko Udalak hainbat erabaki hartu ditu. Hala, egungo taxi geralekutik Txokora doan tartea oinezkoentzat izango da. Helburua, irisgarritasuna eta oinezko joan-etorriak bultzatzea eta Kale Nagusia toki lasaia eta segurua izatea da.
Kale Nagusia oinezkoentzat bihurtzeak zenbait aldaketa ekarriko ditu: taxi geralekua, aparkalekuak, karga eta deskargarako guneak eta zaborra uzteko puntuak tokiz aldatu beharko dira.
Taxi geralekua Xarpot tabernaren ondora eramango dute: Junetorri autobusaren geralekuaren parera.
Aparkalekuei dagokienez, Kale Nagusikoak kendu egingo dira eta Mauleon hotelaren ondoan sei jarriko dituzte enkarguak egiten ari direnentzako. Doako OTA sistema ezarriko dute, denborak kontrolatzeko. 09:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, gehienez ordu erdiz aparkatu ahal izango da. Ordutegi horretatik kanpo, libre aparkatu ahal izango da.
Kale Nagusian 50 aparkaleku daude eta guztiak desagertuko dira. Bizilagun batzuek alternatibak eskatu zituzten eta Kepa Urtzelai alkateak Zubialden 34 aparkaleku berri daudela eta Azpikoetxekoa txukundu egin dutela gogoratu zuen. «Lurrazpiko aparkalekua askotan hutsik egoten da eta bere erabilera bultzatu behar dugu. Gainera, Junetorri autobusa Kale Nagusitik pasatzea aztertuko dugu», aurreratu zuen alkateak.
Karga eta deskargarako tokiei dagokienez, bi egongo dira eta 07:30etik 13:30era erabili ahal izango dira (Laubiden bezala).
Kale Nagusiko edukiontziak ere tokiz aldatu beharko dira. Egun botika parean daude eta Plazaola kalera eramango dituzte (bolatoki parera).
Parte hartze prozesuko azken bileran, erabaki hauei guztiei baiezkoa emateaz gain, herritarrek argiteriaz, gune berdeez, aulkiez eta gainontzeko altzariez hitz egin zuten.
Kale zabal, irisgarri, moderno, original, erakargarri, koloretsu eta bizia lortu nahi dute. Baita mantenua merkea izatea ere.
Argiteriari dagokionez, aldatzeko premia dago. Nafarroa kaleko farolak bezalakoak jarriko dituzte: LED teknologiadunak.
Bidearen zabalera
Jardinerak mugikorrak izango dira eta bolumen gutxiko landare koloretsuak landatuko dituzte. Udalak larrialdietarako eta ekitaldietarako bost metro libre uztea proposatu du, baina Telleriarte Txirrindulari elkartekoek txirrindulari lasterketek sei metroko zabalera behar dutela gogoratu dute.
Eserlekuei buruz ere hitz egin zuten. Bizilagunek ergonomikoak, bizkarralde gogorrekoak eta desmuntagarriak izatea eskatu zuten.
Beste elementu batzuei dagokienez, zoladura kolore eta forma ezberdinetakoa izango da, iturri bat jarriko dute eta terraza guztiek itxura berbera edukiko dute.