Usainak eta osagaiak lagun, erakarmen berezia sortu zuten Xabier Martinez sukaldariak perretxikoekin prestatutako platerek.
Martinez sukaldaria, perretxikoekin platera prantatzen.
Garaian garaiko produktuek beti pizten dute arreta; eta zer esanik ez sukaldari bat denen bistan horiek prantatzen jarri ezkero. Horixe izan zen atzo, Hamabi hilabete, hamabi produktu kanpainaren barruan egin zutena. Onddo, zizahori eta esnegorriak osagai hartuta aritu zen Xabier Martinez sukaldaria, eta ezohiko jende kopurua bildu zen haren inguruan.
Bi plater prantatu zituen Martinezek: batetik, Mikel Lasak emandako onddo eta zizahoriekin eginbdako nahaskia batetik; bestetik esnegorriak, saltsa berdeak izan ohi duen oinarrian. Prestatzen hasi orduko mahai ingurua bete egin zen jendez; bukaeran, dastatzera nori eman bila aritu behar handirik ez zen izan.
Onddo ugaritasuna eta salmenta kopurua nabarmena izaten ari da aurten. Euskal Herrian hainbeste izan ez denez, kanpotik (Errioxa, Extremadura, Galizia, Zamora, Burgos…) ekarri dute asko, eta baita saldu ere. Onddoa ez ezik, esnegorria ere asko saldu da.
Bertako lehen kardua Aldaba Zaharrekoen postuan.
Bertako kardua eta uraza
Barazkiei dagokionez, joan zen astean Tuterako kardua hasi zela esan genuen, eta atzo, Aldaba Zaharrekoen postuan hemengo lehen kardua ikusi genuen salgai (3,5 euroan ale bakoiza). Greloak (0,85-1 euroan sorta) ere baziren.
Galiziako sukaldaritzan izan handia du ‘Lacón con grelos’ delako errezetak, eta hemen ere baditu erosle jakin batzuk grelo barazkiak, baina ezin esan gure usadioetan sartua denik oraindik. Batavia motako punta moredun uraza berria ere salgai zen Baliarraingo Edurneren postuan (0,65 euroan).
Mizpirak eta kiwiak
Fruituei dagokionean, berriz, piku gutxi batzuk ikusten dira oraindik, baina bukatzen ari dira dagoeneko. Mizpirak berriz ontzen ari dira, eta udare eta sagar aukera polita dago; errezila ugaritzen doa eta kiwi gutxi batzuk (3 euro kiloko) salgai dira. Kiwia lehen izotzak jo aurretik jaso behar da, oraindik gogor xamarra, eta ontzen utzi behar jateko punttuan izan arte.