Abereen erakusketa, gazta lehiaketa eta artisau postuak izango dira, besteak beste, goizean zehar
Etzi egingo dute Zegaman San Martin feria, urtetako tradizioari jarraituz. Goizeko 09:00etatik aurrera, herriko abeltzainek pilotalekutik Urgainberri auzora bitarteko eremuan jarriko dituzte abereak ikusgai. Guztira 33 abeltzainek parte hartuko dute. 36 behor, hamahiru behi, bi zezen, zortzi zaldi, ardiak eta beste abere batzuk izango dira ferian.
Bestalde, pilotalekuan Aizkorri Aratz parke naturaleko
XVI. gazta lehiaketa jokatuko dute. Hamazazpi gaztagilek parte hartuko dute bertan, eta 13:30ean emango dute irabazlearen izena. 260 euro jasoko ditu lehenak, 140 bigarrenak eta 110 hirugarrenak. Gazta salmenta ere izango da pilotalekuan bertan; zazpi ekoizlek salduko dituzte beren gaztak.
Artisau postuak ere izango dira etzi Zegaman; guztira 80 inguru. Aitxuri eskolako patioan egongo dira gehienak, baina baita udaletxe aurreko plazan, eliza aurrean eta pilotalekuaren alboan ere.
Hainbat
erakustaldi ere egingo dituzte goizean zehar. 12:00etan, esaterako, behi jezte erakustaldia izango da abereen eremuan. Bestetik, Eugenio Mendizabal zeraindarra gazta egiteko prozesua erakusten egongo da pilotalekuaren alboan.
Anduetza parketxeak jarduera berezia antolatu du etzirako, artzainen bizimodua ezatutzeko. Bisitaldia egingo dute Zegamako Mari Paz Oiarbide artzainaren gaztategira, 10:30ean, eta gazta egiteko prozesua ikusteko aukera izango dute parte hartzaileek. Ardiak eta arkumeak bertatik bertara ikusteko aukera ere izango da, eta bisitari bakoitzari mami bat emango diote etxera eramateko. Bost euro balio ditu bisitak (hiru euro bost hamabi urte bitarteko haurrentzat), eta aurrez izena ematea komeni da.
Arratsaldean ere antolatu dituzte ekitaldiak. 17:30ean buruhandiak izango dira plazan. 18:00etan, berriz, herritarren arteo eskuz binakako XVI. San Martin pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte.
Igandean, berriz, haurrentzako jolasak eta txokolatada izango dira Zegamako kiroldegian, 17:00etan, guraso elkarteak antolatuta.