
Herrian antolatzen diren lasterketa guztiak batuta prestatu dute, beasaindarrak korrika egitera animatu daitezen. Urtean zehar Beasainen egiten diren lasterketetan parte hartzen duten herritarren artean sariak banatuko dituzte, baina helburua ez da korrikalarien arteko konpetibitatea handitzea, parte hartzea sustatzea baizik.
Beasainen lasterketak antolatzen dituzten elkarte guztiek bat egin dute challengea antoaltzeko, eta hamar probako zirkuitua izango da: igandean egingo duten Garingo mendi lasterketa izango da lehena, eta ondoren martxoaren 8ko herri lasterketak (7 eta 14 kilometroko bana), martxoaren 14ko Arriarango mendi lasterketa (6 eta 15 kilometrokoak), uztailaren 10etik 12ra bitarteko Ehunmiliak, Goierriko 2 Handiak eta Murumendi mendi maratoia, irailaren lehenean egingo den Usurbeko igoera eta abenduaren 31ko San Silbestre proba.
Parte hartzaileen artean ez dute sari ekonomikorik banatuko, baina bestelako sariak zozkatuko dituzte. Emakumeei probetan parte hartzeko dei berezia egin diete. Intxaurpe, Arrastaka, Beti Bizi, Bealak, Usurbeko Batzordea eta Garin auzoko batzordea dira antolatzaileak.