Gaintzako Udalaren aurka ere helegitea jarri du Urkijok, euskarazko aktengatik
Uema mankomunitateko kide diren beste zazpi udalerriren aurka jo du Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkijok, udal aktak euskaraz bidaltzeagatik. Bigarren olatuan, Gaintzako Udalak jaso helegitea, tartean. Amezketa, Beizama, Elgeta, Oiartzun, Oñati eta Usurbilgo udalak dira besteak. Duela aste batzuk beste sei udalen kontra egin zuen, gai beragatik: Goierriko Altzaga, Arama eta Itsasondo, eta Aduna, Antzuola eta Bergara. Bestetik, Zeraingo Udalak Ueman sartzeko hartu duen erabakiaren aurka ere beste helegite bat aurkeztu du Urkijok.
Uemako lehendakari Maren Belastegik oso larritzat jo du helegiteen joera. Auzitan jartzen dena euskararen ofizialtasuna bera dela adierazi du, eta euskararen aurkako erasoa dela nabarmendu du. Uemako udalak euskararen erabilerari dagokione “aitzindariak” direla gehitu du Belastegik, eta kontestu horretan kokatu du Urkijoren jarduna: “Euskara sustatzeko hizkuntza politika eraginkorra egiten saiatzen gara Uematik. Eta horregatik, euskararen aurkako erasoaldi zabal honetan, ari da Urkijo Uemaren aurka ere”.
Euskararen alde ari diren guztiek “modu bateratuan” erantzuteko unea dela gaineratu du Uemak.