
Kepa Pikabea preso hernaniarraren helegiteari buruzko erabakia hartuko du gaur Espainiako Auzitegi Gorenak; ondorioz, ebazpenak eskaera egina duten gainontzeko presoei eragingo die. Abenduaren 16an egin zuten epaileek gaia aztertzeko lehen bilkura, baina ez zuten ondoriorik atera. Etenaldiaren ondoren, beraz, Europatik datorren zuzentaraua nola aplikatu adostu beharko dute epaileek.
Auzitegi Nazionalak hainbat presori Frantzian betetako zigorrak aintzat hartzea ebatzi zuen, tartean zen Pako Mujika ordiziarra. Frantzian betetako zazpi urte eta hamar hilabeteak Espainiako zigorrari kentzeko agin zuen epaitegiak; familiak, ordea, 10 urte murrizteko eskatu du, hori delako Frantzian egindako zigorra. Hala ere, epaitegi bereko beste epaile batek kontrako ebazpena egin zuen beste preso baten kasuan.
Epaileen artean desadostasunak izan arren, Fiskalak neurriari errekurtsoa jarrita iritsi da auzia Gorenera.
Mujikaz gain, beste sei preso goierritarrek ere egina dute zigorrak batzeko eskaera: Mikel Otegik, Rufino Arriagak, Xabier Zabalok, Idoia Mendizabalek, Ainhoa Barbarinek eta Ismael Berasategik.