Atzean utzitako jostailuak biltzetik eta horiek saltzetik lortutako diruarekin, merkatu txikian salgai zeuden Herriak Elkarlanean erakundeko produktuak saltzetik eta Gabon egunean kantuan lortutako diruarekin osatu dute 1305 euroko kopurua Alkartasuna Lizeoko ikasleek, irakasleek eta gurasoek. Dirua Herriak Elkarlanean erakundeari eman diote, Beninera (Afrika) bidaltzeko. Behin dirua bidalita, bertako barnetegirako literak erosiko dituzte bertan.
Erakundeko Eneko Zaballosek azaldu bezala, bederatzi litera erosiko dituzte diru horrekin, eta horri esker, 18 ume gehiago hartu ahalko dituzte barnetegian.
Lizeoko ikasleek “atseginez” egin dituzte ekintza horiek guztiak, eta gogorarazi dute “herrialde askotako txirotasuna eta premiazko hainbat behar bertan daudela. Horregatik, Herriak Elkarlanean erakundeak etengabe dabiltza lanean eta guk ere aurrerantzean ahalegin berezia egingo dugu leku horietara poz pixka bat eramanteko”. Ikasleek beraiek prestatutako bertsoa abestuz trasmititu dute poz hori.
Eskerrak bi aldeetatik
Alkartasuna Lizeoko ikasleek eskerrak eman dizkie beasaindarrei, “lorpen hauek beraiek gabe ez litzatekeelako posible izango”. Zaballosek ere hitz berdinekin erantzun die ikasleei, eta eskerrak eman dizkie beste urte batez Herriak Elkarlanean erakundeari eta Beningo umeei laguntzeko. Aurtengoa bosgarren urtea da Alkartasuna Lizeoak Herriak Elkarlanean erakundeari laguntza ematen diola.
Ekitaldiaren amaieran umeen galderei erantzun behar izan die Zaballosek: zenbat kide diren erakundean, nola sortu zen eta urte hauetan guztietan zein lan egin duten, Beningo errealitatea zein den, ea benetan litera bakoitzean bi umek lo egiten duten…
[nggallery id=134]