Datozen asteetan programa eta hautagaien zerrenda osatzeko proposamenak jasoko dituzte herritarrengandik, eta herri batzarra egingo dute otsailaren 21ean

Segurako EH Bilduk ekitaldia egin du gaur eguerdian herriko plazan. Udal gobernuaren lau urteko agintaldiaren balorazioa egin dute Eluska Gerriko alkateak eta Axier Alustiza zinegotziak, eta datorren agintaldiko erronkak argitu dituzte. Bestalde, Joxean Agirre EH Bilduko kideak hitzaldia egin du Euskal Bideaz.
Herriko
informazioaren gardentasuna lortzeko emandako urratsak nabarmendu ditu Alustizak gaurko ekitaldian. Besteak beste, herri batzarrak, aurrekontu partehartzaileak eta elkarteekin egindako lanketa.
Komunikazioa hobetzeko sortutako bideak ere aipatu ditu: Errebote aldizkaria,
webgunea eta herrian jarri dituzten panelak. Bestalde, herritarren parte hartzea areagotzeko egindako lana ere positibotzat jo du.
Hondakinen gaia ere hizpide izan du Alustizak, izan ere,
Seguran atez-ateko zabor bilketa sistema ezarri zuten 2013an. “Gaia polemikoa izan da, baina udalean erabaki tinkoa hartu genuen ingurunearen, ekonomiaren eta koherentziaren alde egiteko”.
Alkatea, bestalde, herriaren
egoera ekonomikoaz aritu da. “2011n udalera iritsi ginenean egoera ekonomikoa ez zen erraza, eta orain ere ez da, baina aurpegi ona jarri behar zaio krisiari”. Herrian lanpostuak sortu dituztela gogoratu du Gerrikok, eta udalaren egoera ekonomikoak ere hobera egin duela. “Zorra kitatzea lortu genuen, eta orain diru gehiago dago herrian inbertitzeko”.
Aurrera begira ere Segurako EH Bilduk “herritarrengandik gertu dauden politikak” aplikatzen jarraituko duelaadierazi du Gerrikok: “Segura denon artean eraikitzea da gure erronka”.
Herritarren ekarpenak jasoko dituzte otsailaren 20a bitartean.
Segurako EH Bilduk hainbat herri batzar egin ditu datozen hauteskundeetako herri programa osatzeko. Herri batzar horietan jasotako ekarpenekin txosten bat prestatu dute. Herritarrek eskura dute txostena, eta otsailaren 20a bitartean ekarpen gehiago egiteko aukera izango dute. Elorripen eta osasun zentroan jarri dituzten buzoietan bota daitezke proposamenak, edo posta elektronikoz bidali:
segura@ehbildu.net.
Programarako ekarpenez gain, Segurako EH Bilduren
hautagaien zerrenda osatzeko proposamenak ere jasoko dituzte epe honetan. Izan ere, oraindik erabaki gabe dago zein izango den datorren agintaldirako alkategaia.
Otsailaren 21ean beste herri batzar bat egingo dute kultur etxean, 09:30ean. Jasotako ekarpenak aztertu eta behin betiko herri programa adostuko dute. Horrez gain, zerrenda osatzeko herritarrek proposatutako izenak ere jakinaraziko dituzte.