Ipuinen Ahozko Narrazio Lehiaketako lehen saioa egingo dute gaur Ordizian
Istorio bat, ipuin bat… kontatu nahi duten guztiei irekitako lehiaketa da gaur iluntzean Ordizian egingo dena. Ahoz Aho 2015 egitasmoaren baitan antolatu du Ordiziako Udaleko Kultura sailak, Intujai Teatro taldearekin batera, Ipuinen Ahozko Narrazio Lehiaketa hirugarrenez. Iluntzeko 19:00etan hasiko da saioa Barrenan.
Aurtengoan bost kontalarik eman dute izena lehiaketarako. Bakoitzaren narrazioak zortzi minutu iraungo du gehienez. Epaimahaiaren erabakiaren eta publikoaren botoaren bidez, hiru narratzaile hautatuko dira martxoaren 20ko Ahozkotasunaren Gala Handian parte hartzeko.
Lehiaketarekin batera aurten beste ikuskizun bat ere izango da. Shakti Olaizola kontorsionistak Irakurtzen ikuskizuna eskainiko du. Irakurlea irakurtzen ari den neska baten mundu bitxi batena murgiltzen duen ikuskizuna da. Ahotsaren, mugimenduaren eta bere gorputzaren malgutasunaren bidez istorio baten kapituluz kapitulu eramango gaitu. Zirku teknikak eta dantza, eguneroko ekintzekin fusionatzeko ideiarekin sortu zen ikuskizuna.